Bekoportala proiektua martxan jarri du Bermeoko Udalak. Proiektu horren helburua Alde Zaharrean, hain zuzen,
Hurtado de Mendoza kalean dagoen eremu hutsa egokitzea eta erabilera bilatzea da. Hori guztia, herritarrekin batera egin gura dute, «gaur egun puntu beltza dena, guztion elkarlanarekin argiz pizteko asmoz», azaldu dute udaletik.
Bekoportala proiektua aurkezteko ekitaldia egin zuten abenduaren 30ean. Argazkia: Bermeoko Udala
Hurtado de Mendoza kalean, orube eta lokal bat daudela jakinarazi dute. Orubearen egoera «oso txarra» zen eta udalak desjabetu egin du. Orube horretatik 100 metro kuadro dituen lokal batera sar daiteke. Lokala, berriz, Berualarena da. Horregatik, gune hori berreskuratzeko prozesua abiaraztea erabaki dute. Horretarako, udalak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Garapen eta Lehiakortasun sailaren diru laguntza jaso du.
Proiektu horren bitartez,
balioan jarri gura dute Lameratik Alde Zaharrareko sarrera den gune hori, izan ere, historikoki antzinako portutik
herrian sartzeko ate nagusienetariko bat egon zen orube horren ondoan,
Errenteria portale. Hori, baina, herriarekin batera egin gura dute.
Modu horretan,
herri osora helduko den prozesua izatea gura dutela azaldu dute,
partaidetza zabala eta heterogeneoa bermatzeko.
Lehenik eta behin, Alde Zaharreko, eta, zehazki,
gune horretako beharrak identifikatuko dituzte; eta, horiek ezagutu ostean, orube eta lokal hori zertara bideratu daitezkeen aztertuko dute herritarrekin batera. Lehenengo fasea abenduan egin zuten herriko elkarte eta eragileekin batera, batez ere, Alde Zaharrean murgiltzen direnekin. Era berean, herritarren iritziak jasotzeko galdetegiak ere utzi dituzte herriko gune ezberdinetan.
Bigarren fasea, berriz, proposamenei bideratuta egongo da.
Urtarrilarren 21ean gura duten herritar horiek parte hartu ahalko dute Gizarte eta Kultura Etxean egingo duten tailer dinamiko batean. Horretan,
herritarren proposamenak jasoko dituzte eta Bekoportalaren erabilerak adostuko dituzte, besteak beste. Ondoren, txosten bat osatuko da Bermeoko Udalak hurrengo pausuak eman ahal izateko.
Udalak jai giroan eman zien herritarrei parte hartze prozesuaren berri abenduaren 30ean, eta bertaratutakoek gunea ezagutzeko aukera eduki zuten.