Urtero legez, hasi berri den urte honetan ere, Erregenetako asto probak hartuko ditu Mendatako udal probalekuak. Ohi legez, hainbat egunetan izango dira saioak, barikuan hasita.
50. edizioa dute aurten asto probek, eta barikuan, zapatuan, domekan eta astelehenenean jokatuko dituzte.
Iaz egin modura, aurten ere,
lehen hiru saioak 18:00etan hasiko dira, eta azkena, aldiz, 21:00etan.
Iazko probetan, Janire Alegriaren astoa gailendu zen. Argazkia: Mendatako Udala
Iaz baino bi parte hartzaile gutxiago egongo dira aurten; hain zuzen,
hamahiru asto izango dira aurtengo proban zein baino zein indartsuago, Erregenetako saria eskuratu nahian lehiatuko direnak. Horien guztien artean,
Busturialdeko hiru asto izango dira aipatu probetan: Bermeoko Janire Alegriarena eta Rafa Alegriarena eta Maumeko (Muxika) Maiora elkartearena. Gainontzeko astoak Bizkaiko beste hainbat herritatik etorritakoak izango dira; hala nola, Gamiz-Fikakoak, Zallakoak, Mallabikoak, Markina-Xemeingoa eta Loiukoa.
Iazko Erregenetako probetako irabazlea Janire Alegria bermeotarraren astoa izan zen, 66 untze eta 1/4 eginda. Hala, Mendatako Udalak eta Oilargane Mendatako Kirolzaleak elkarteak antolatzen duten proba horietan Erregenetako manta eta garaikurra eraman zituen orduen Alegriak Bermeora.
50 urte beteko dira aurten, lehenegoz Erregenetako asto probak antolatu zituztenetik; hala, urteurren borobil horretan, orain arte
lagundu dituztenak eta gaur egun ere, lan horretan jarduten dutenak eskertu nahi izan dituzte; hala nola, Mendatako Udala, Kirolzaleak Oilargane taldea, herriko taberna zein jatetxteak, herritik kanpo negozioak dituztenak…
50 urte ez direlako egunero betetzen,
“zerbait berezia” egingo dutela aurreratu dute antolatzaileek. Hala, domekan,
pintxoak jarriko dituzte bertaratzen direnen eskura, eta, horrez gain, Kirolzaleak taldeko kide izandako
Kepa Zabala omenduko dute.
Egitaraua:
- Urtarrilak 6, 18:00etan.
– Construcciones Torrontegi (Gamiz-Fika)- Gauna (Zalla)
– Irazola (Mallabi)
- Urtarrilak 7, 18:00etan.
– Miren Olabarrieta (Gamiz-Fika)- Maiora (Maume)
– Rafa Alegria (Bermeo)
- Urtarrilak 8, 18:00etan.
– Saatzibar (Markina-Etxebarria)- Narbaiza (Zalla)
– Taberna Zaharra (Gamiz-Fika)
- Urtarrilak 9, 21.00etan.
– Urrola (Gamiz-Fika)- Urrutikoetxea anaiak (Loiu)
– Aitor Aldapa (Mallabi)
– Janire Alegria (Bermeo)