Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bide-orria
Sinadura bilketak hasi ditu Gure Esku Dago dinamikak hainbat herritan; 2017an egin beharreko herri galdeketetara indartsu eta babes handiagaz heltzea dute helburu sustatzaileek.Erabakitzeko eskubidea gauzatu gura duten euskal herritarrei dei berezia eg...
Sinadura bilketak hasi ditu Gure Esku Dago dinamikak hainbat herritan; 2017an egin beharreko herri galdeketetara indartsu eta babes handiagaz heltzea dute helburu sustatzaileek.
Erabakitzeko eskubidea gauzatu gura duten euskal herritarrei dei berezia egin die Gure Esku Dago-k. Apirilaren 2an egingo dute herri galdeketa Bermeon eta Gernikan, eta maiatzaren 7an Busturialdeko hainbat herritan, Lea-Artibain eta Mutrikun.Galdeketara babes nahikoagaz heldu gura dute galdeketaren sustatzaileek, eta, horretarako, sinadura bilketa hasi dute. Bermeon, esaterako, 332 sinadura bildu zituzten lehen egunean, zapatuan; Mutrikun 600, gutxieneko sinadura kopurua be- tez galdeketa egin ahal dute, beraz; Ondarroan 580. Datozen egunetan ere sinadurak batzen jarraituko dute.
Era berean, galdeketa egunera bitarteko pausoak eta erronkak azaltzeko aurkezpena egin dute Gernika-Lumon, Berriatuan eta Markina-Xemeinen. Hala, aurrera begirako egitekoak zeintzuk diren azaldu zuten.
Herri osoaren aterkipean egin gura dute galdeketa. Horretarako, sustapen taldea osatuko dute datozen asteetan Gernika-Lumon. Herriko lagun ezagun eta esanguratsuak batu gura dituzte talde horretan. Galdeketari babesa emateaz gain, taldeko norbanako bakoitzak bere ekarpena egin eta laguntza emango du, galdeketaren sustapena eginez.
Ekarpen ekonomikoa
Eguna zehaztu duten arren, galdeketan herritarrek zein galderari erantzun beharko dioten adostu gabe dute oraindik. Busturialdean eta Lea-Artibain, eskualdeko herri denek galdera bakarra eta bera egitea adostu dute, eta hori zein izango den erabakitzeko eskualde mailako batzarrak deituko dituzte. Aipatu dutenez, herritar denak daude gonbidatuta batzar horietara.
Gainera, galdeketak antolatzeari begira, elkarteak sortu dituzte bai Busturialdean eta baita Lea-Artibain ere: Kresaletan eta Gure Esku Dago Lea Artibai, hain zuzen ere.
Herri galdeketa antolatzeak duen kostu ekonomikoari aurre egiteko, euskal loteria atera du Gure Esku Dago-k. Euskal Herri osoan salduko dute, eta zozketa urtarrilaren 16an egingo dute, notario aurrean.
5 euroko laguntza eskatzen dute zenbaki bakoitzeko, eta sariak honakoak izango dira: 30.000 euroko lehen sari bat eta 1.000 euroko hamar sari.