Aulestiko Udalak HITZA proiektua diruz laguntzeko hitzarmena sinatu du
Beste lau urterako elkarlanerako konpromisoa berretsi du Aulestiko Udalak. Udalak nabarmendu duenez, HITZA proiektua funtsezkoa da euskararen biziberritzerako eta berreskuratzerakoAulestiko Udalak eta HITZAk elkarlanerako konpromisoa berretsi dute. Uda...
Beste lau urterako elkarlanerako konpromisoa berretsi du Aulestiko Udalak. Udalak nabarmendu duenez, HITZA proiektua funtsezkoa da euskararen biziberritzerako eta berreskuratzerako
Aulestiko Udalak eta HITZAk elkarlanerako konpromisoa berretsi dute. Udalak ekonomikoki babestuko du egitasmoa, herritarrei Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko albisteak euskaraz irakurtzeko eskubidea bermatu nahian. Hitzarmena sinatuta, Aulestiko Udalak lau urtean proiektua babesten jarraituko du (2016, 2017, 2018 eta 2019).Hitzarmenean, bi aldeen arteko lankidetza zehazteagaz batera, Aulestiko Udalak HITZA proiektua diruz laguntzeko egingo duen ekarpena ere jasotzen da; urteko biztanleko 3 euroko diru laguntza adostu dute.
Udalaren eta euskarazko komunikabidearen arteko hitzarmena ondokoek sinatu dute: Mikel Antsotegi Jaio Aulestiko alkateak, Larraitz Ibaibarriaga Etxaburu Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko HITZA-ren zuzendariak eta Ama Lur Bedialauneta proiektuaren kudeatzaileak.
Udalak nabarmendu duenez, HITZA proiektua euskararen biziberritze eta berreskuratzeko funtsezkoa da. «Gainera, eskualdean sortzen den informazioa euskaratik eta euskaraz kudeatuz eta komunikatuz, HITZA proiektuaren helburuetariko bat da baita ere euskararen normalizazio bidean ekarpen esanguratsua egitea».
Hitzarmenagaz, gainera, HITZAk paperean zein sarean egiten duen lana aitortu eta etorkizunean proiektuan hobekuntzak egiteko babesa eman nahi du Aulestiko Udalak. «Lankidetza hitzarmena beharrezkoa da proiektuaren kalitatea ziurtatu eta sendotzeko».
Funtsean, helburu guztiak betetzeko, datozen urteetan elkarlana izango dela oinarri adierazi dute bi aldeek. Eta bide horretatik, aurrera egiteko bideak etengabe aztertu eta egin beharreko hobekuntzak egiteko saiakerak egiteko konpromisoa hartu dute. «Elkarlan horren adierazle izango da, esate baterako, udalak berak sortzen dituen edota herrian sortzen den informazio jarioa sistematikoki trukatzeko neurriak hartzea».
Publizitatean ere laguntza
Urtero proiektua laguntzeko zuzeneko diru ekarpena egiteaz gain, udalak sortzen dituen iragarki ofizialak ere egunkarian sartzeko konpromisoa hartu du Aulestiko Udalak.
Izan ere, HITZA proiektuari laguntzeko hainbat bide erabili ahal dira: zuzeneko diru ekarpenak eginez, harpidedun eginez, publizitatea ipiniz, publierreportajeak eginez, 11Barri diseinu eta komunikazio enpresari lanak emanez, besteak beste.