Busturialdeko Enpresa Ideia Lehiaketaren sariak banatuko dituzte bihar
Mundakako Tribisarrospen izango da sari banaketa ekitaldia, 13:00etan. Batik bat eskualdean enplegua sortzea eta gazteen ekintzailetza kultura sustatzea dira lehiaketaren helburuakBusturialdeko III. Enpresa Ideien Lehiaketaren sariak banatuko dituzte b...
Mundakako Tribisarrospen izango da sari banaketa ekitaldia, 13:00etan. Batik bat eskualdean enplegua sortzea eta gazteen ekintzailetza kultura sustatzea dira lehiaketaren helburuak
Busturialdeko III. Enpresa Ideien Lehiaketaren sariak banatuko dituzte bihar, Mundakako Tribisarrospen, 13:00etan hasita.Aipatu ekitaldian, Bizkaiko Foru Aldundiko, Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako eta Urremendi Landa Garapen Elkarteko ordezkariek parte hartuko dute, besteak beste.
Bermeoko eta Gernikako udaletako gazteria zerbitzuek eta Urremendi Landa Garapen Elkarteak antolatu du hirugarren urtez lehiaketa. Horren bitartez, batetik, eskualdean enplegua sortu gura da, eta, bestetik, Busturialdeko gazteen ekintzailetza kultura sustatu.
Epaimahaia honakoek osatu dute: Begoña Landa Torre (Bermeoaldeko Behargintzako zuzendaria), Joseba Irazabal Obieta (Gernika-Lumoko Lanbide Ekimenak-eko teknikaria), Joseba Mallea Lamikiz (Urremenditik), Amaia Igarzabal Deba (HAZIko ordezkaria) eta Enekoitz Urtusagasti Garcia (Barrutialde BHIko ordezkaria).
Irizpideak
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, epaimahaiak enpresa ideiak baloratzerako orduan zenbait irizpide eduki ditu kontuan: proposamenaren izaera barritzailea, balio erantsia eskaintzea eta originaltasuna; enplegua sortzeko daukan gaitasuna eta sortutako lanpostuen kalitatea; eskualdean proiektua aurrera eroateko aukera; proiektuaren jasangarritasuna eta proiektuaren definizio eta garapen maila edota gizarte eragina, besteak beste.
Sariak
Hiru sari banatuko dituzte. Irabazleak 3.000 euroko saria jasoko du, eta bigarrenak 2.000 eurokoa, hain zuzen. Era berean, lehen sektoreagaz zerikusia duen ideiarik onena ere sarituko dute, 1.000 eurogaz.