Bertoko produktuen Gabonetako azoka hartuko du Bermeoko udal merkatu plazak
zapatuan.
Laugarren urtez jarraian, bertaratutakoek baserri eta itsasoko bertoko produktuak dastatzeko eta erosteko aukera edukiko dute.
Olentzerok ez du aurten hutsik egingo, eta udal azokan egongo da zapatuan,
11:00etatik 14:00etara. Azoka bisitatzeaz gain, ikazkinak eskutitzak ere batuko dituela azaldu dute antolatzaileek.
Udaleko eta Berazel Elkarteko ordezkariak goizean egindako aurkezpenean
Gabonetako azoka bereziagaz, alde batetik, Bermeoko azoka sustatu gura dute, eta adin guztietako pertsonak erakarri gura dituzte. “Batzuek ahaztuta daukate non dagoen udal azoka; batez ere, gazteek”, dio Berazel elkarteko bozeramaile Ainhoa Maguregik. Beste alde batetik, sasoiko produktuak kontsumitzearen garrantzia nabarmendu gura dutela diote.
09:00etatik 15:00etara, merkatu barruan zein kanpoan,
30 saltoki inguru aurkitu ahalko dira. Horietan “lehen mailako” produktuak eskuratu ahalko direla azaldu dute: Arrain freskoa, arrain kontserbak, barazkiak, frutak, haragia, gazta, arrautzak, txakolina, gozoak, lorak, patea…
Umeak ere udal azokara erakarri asmoz,
11:00etatik 13:00etara horientzako tailerrak antolatu dituzte. Ortutik Ahora elkartearen eskutik, besteak beste,
ogia egiten ikasteko aukera edukiko dute modu dibertigarri batean.
Bestalde, gabonetako argiek, apaingarriek eta musikak Gabonetako azoka berezia girotzen lagunduko dute.
11:00etatik 12:30eara, hain zuzen ere,
Musika Eskolako haize taldeak, koroak eta Erroxape Emakumeen Elkarteko abesbatzak bere abestiekin “giro oso polita” sortuko dutela esan du Amaia Elortza Bermeoko Udaleko Lurgintza zinegotziak.
Aurten ere,
12:30etik aurrera, sukaldariak bertaratuko dira udal merkatu plazara. Hala, 15:00ak bitartean,
Gabonetako menuak dastatu ahalko dira eta
sukaldaritza erakustaldiak eskainiko dituzte. Horrez gain, Ortutik Ahora elkartearen eskutik, Gabonetako menuak salgai egongo dira.
Giro polita sortuko dela eta, Maguregik eta Elorzak pertsona guztiak gonbidatu dituzte zapatuan udal merkatu plazara etortzera.