'Aulki-jokoa' liburua landuko dute Bermeoko irakurleen txokoan
Uxue Alberdi idazlearen Aulki-jokoa liburua landuko dute hilabete honetako irakurleen txokoan.
Barikurako jarri dute hitzordua; 18:30ean batuko dira, ohi legez, liburutegiko hirugarren solairuan.
Parte hartu gura duten horiek liburutegian bertan eskatu ahalko dute liburua, eta barikurako irakurrita eroan beharko dute. Alaine Agirre idazle bermeotarrak gidatuko duen hirugarren saioa izango da.
Umeen jolasa ez ezik, bizitzaren metafora da aulki-jokoa liburua: aldiro gutako bat geldituko da lekurik gabe, eta utzi egin beharko du joko-zelaia. Maitasuna, gerra, askatasuna, errebeldia… gai handi eta eternalak ageri dira herri txiki bateko biztanleen bizitzetan. Hiru emakumeren ahotsek josten dute eleberri honen sarea: Teresa, Martiña eta Eulali haurrak ezagutuko ditugu, adokinetan korrika, baita haiek berak gaztetan ere, beren ilusio eta hausturekin, eta pasarte horiekin tartekaturik pertsonaia berberak gaur egun, arratsaldero kafea hartzen, gozotegian, nor bere aulkian.