Herri ezberdinetako
hiru motatako txakolinak dastatzeko aukera izango dute
zapatuan Mundakara bertaratzen direnek, eta gainera,
azoka txiki bat ere edukiko dute aukeran. Izan ere, ohiturari jarraitutz,
Txakolin Eguna ospatuko dute kostako herri horretan.
Txakolingileetako bat Mundakako Txakolin Egunean
11:00etan emango diote hasiera Txakolin egunari, eta eguerdira arte, Mundakako
udaletxeko arkupeetan bilduko dira herritarrak zein bisitariak. Aurreko urteetan egin modura, aurten ere, hiru izango dira beren txakolina Mundakan dastatzeko aukera emango duten txakolingileak; hain zuzen ere, bertaratutakoek
Bakioko, Busturiko eta Gernikako ekoizleak izango dituzte aukeran, hau da, Abio, Amunategi eta Isasi txakolinak.
Hala ere, txakolinaz gain, izango da zer dastatu Mundakan; izan ere, beste hainbat produktu eskuratzeko aukera emango du zapatuko azoka berezi horrek; esaterako,
patea, gazta eta etxeko gozoak. Era berean herriko sasoiko produktuak eskaintzen dituen herriko ekoizle Bingen Pinok ere parte hartuko du zapatuko azokan.
Beste urteetan egin modura, Batzokiak antolatuta, taloa eta txorizoa dastatzeko aukera ere egongo da. Horretatik ateratzen duten dirua, ongintzazko ekintza batera zuzentzen dute urtero. Aurten, Mundakako Caritasek jasoko du bildutakoa.