Lea-Artibai eta Busturialdeko lau bertsolarik kantatuko dute Bizkaiko finalean
Nerea Ibarzabal markina-xemeindarra, Ibon Ajuriagojeaskoa gernikarra, Onintza Enbeita muxikarra eta Xabat Galletebeitia lekeitiarra igoko dira, abenduaren 17an, Bilbao Arenako oholtzaraBizkaiko Bertsolari Txapelketa jokatuko duten zortzi bertsolarietak...
Nerea Ibarzabal markina-xemeindarra, Ibon Ajuriagojeaskoa gernikarra, Onintza Enbeita muxikarra eta Xabat Galletebeitia lekeitiarra igoko dira, abenduaren 17an, Bilbao Arenako oholtzara
Bizkaiko Bertsolari Txapelketa jokatuko duten zortzi bertsolarietako lau Lea-Artibai eta Busturialdekoak izango dira. Nerea Ibarzabal Salegi markina-xemeindarra, Xabat Galletebeitia Abaroa lekeitiarra, Onintza Enbeita Maguregi muxikarra eta Ibon Ajuriagojeaskoa Garmendia gernikarra Bilbao Arenako oholtza ganera igoko dira abenduaren 17an, txapelaren bila.Zapatuan jokatu zen Larrabetzuko azken saioaren ostean, erabakita geratu ziren Bizkaiko Bertsolari Txapelketako zortzi finalistak. Jone Uriak eta Beñat Ugartetxeak bezala, azken saioa irabazi eta finalean egoteko zuzeneko pasea eskuratu zuen Etxahun Lekuek; beste bost finalistak, berriz, saioetan lortutako puntuen arabera erabaki ziren. Horrela, Ibon Ajuriagojeaskoa Garmendia gernikarra 507,5 puntugaz, Miren Amuriza Plaza berriztarra 504,5 puntugaz, Onintza Enbeita Maguregi muxikarra 497 puntugaz, Xabat Galletebeitia Abaroa lekeitiarra 495 puntugaz eta Nerea Ibarzabal Salegi markina-xemeindarra 482 puntugaz sailkatu ziren finalerako.
Markina-Xemeinen jokatu zen finalaurrekoko lehen saioan kantatu zuen Nerea Ibarzabal Salegik, bigarren postua lortuz, Basaurin jokatu zen finalaurrekoko bigarren saioan kantatu zuten, ostera, Onintza Enbeita Maguregik eta Xabat Galletebeitia Abaroak eta bigarren eta hirugarren postuetan geratu ziren, hurrenez hurren, eta zapatuan bertan lortu zuen finalerako pasea, azkenik, Ibon Ajuriagojeaskoa Garmendiak. Gernika-Lumoko bertsolariak, bigarren egin zuen.
Larrabetzuko finalaurrekoan egon ziren bai eta Ander Elortegi Garatea eta Julen Erezuma Arzanegi gernikarrak ere, baina ez zuten finalerako sailkatzeko beste punturik lortu. Etxebarriko Joseba Artza Zubillaga ere ateetan geratu da. Basauriko finalaurrekoan kantatu zuen Artzak.
Sarrerak
17:00etan, hasiko da Bilbao Arenako finala. Ateak 15:30ean zabalduko dira, eta sarrerak erosteko bide desberdinak daude. Alde batetik, www.bertsosarrerak.eus webgunean eskura daitezke, eta beste alde batetik, finaleko egunean bertan txarteldegian erosi ahal izango dira, 14:00etatik aurrera. Horrez gain, Bertsozale elkarteak jakitera eman duenez, egun hauetan, Durangoko Azokako Bertsozale Elkartearen mahaian ere eskuratu ahalko dira.