Etxeko lehen porrota
Lointek Gernika Bizkaiak 57-62 galdu du IDK Gipuzkoaren aurka. Oro har, talde gipuzkoarrak Malosteko taldeak baino hobeto jokatu du. Hirugarren laurdenean ondo aritu dira etxekoak2016-2017 denboraldia hasi zutenetik Malosten partidarik galdu barik zego...
Lointek Gernika Bizkaiak 57-62 galdu du IDK Gipuzkoaren aurka. Oro har, talde gipuzkoarrak Malosteko taldeak baino hobeto jokatu du. Hirugarren laurdenean ondo aritu dira etxekoak
2016-2017 denboraldia hasi zutenetik Malosten partidarik galdu barik zegoen Lointek Gernika Bizkaia; zapatuan, baina, ezin izan zioten bolada onari eutsi. 57-62 amaitu zen talde gernikarraren eta IDK Gipuzkoaren arteko derbia.Gipuzkoarrek etxekoek baino hobeto jokatu zuten; jokaldiak ondo irakurrita, beren jokoa egiten asmatu, eta merezitako garaipena eskuratu zuten. Lointek Gernika Bizkaiak, ostera, zenbait argiune baino ez zituen izan, eta hirugarren laurdenean aritu zen finen: defentsan sendo, kanpoko jaurtiketetan asmatuz, jokoan orekari eutsiz, eta baloia berreskuratzen ondo.
Norgehiagoka hasi eta bost minutura hutsartea eskatu zuen Mario Lopezek, 3-9 emaitzagaz zeudela. Sarr eta Colhado IDK Gipuzkoaren jokalariak gelditzeko defentsa lana sendotu, eta erasoko jokaldiak egiteko zituzten zailtasunak konpondu behar zituztela bazekien.
Asurmendiren hirukoagaz, 10-15eko emaitzagaz amaitu zuten lehen laurdena. Bigarren laurdenean nahi eta ezinean zebiltzan etxeko jokalariak. Horren adierazgarri da Lopezek lehen zatiko hutsarte guztiak hamabi minutuan amaitu zituela.
Horrela, lau puntuko aldea izatetik (16-20) ia hamar puntuko aldeagaz heldu ziren atsedenaldira: 23-32. Bigarren laurdena ez zuten ondo amaitu, eta hirugarrena ere antzera hasi zuten. Besteak beste, bi baloi jabetzatan huts egiteak eta Sarren hirukoak partidaren zailtasuna agerian utzi zuen etxekoentzat. 23-39ko emaitzagaz zaleak ere mutu egon ziren zenbait unetan.
Baina handik gutxira, defentsan norabide aldaketa egin zuen talde gernikarrak. Asurmendi, Garcia, Llorente, Pina eta Carter zeuden kantxan. Betiko Lointek Gernika Bizkaia ikusi zen orduan, eta zaleak ere suspertu egin ziren. 15-2ko partzialari esker, aldea murriztu, eta 35-41 markagailuagaz jartzea lortu zuten etxekoek.
42-47ko emaitzagaz heldu ziren azken laurdenera. Talde gipuzkoarreko bost jokalarik ia minutu guztiak jokatu zituzten, eta nekea igarri arren, garaipena lortzeko gogor jokatu zuten, markagailuko aldeari eutsiz.
Baina Lointek Gernika Bizkaiako jokalariek ere bazekiten irabazteko aukera bazutela. 52-53 emaitzagaz emozioa nabarmena zen, eta urduritasuna usaintzen zen kantxan zein harmailetan.
Lehia amaitzeko bi minuturen faltan, 57-56ko markagailuagaz zeuden, eta amaierarako 39 segundo falta zirenean, Lopezek hutsartea eskatu zuen. Ez zuen hirukoa huts egiterik gura, baina Pinaren jaurtiketa ez zen sartu.
Carter jardunaldiko onena
Amisha Carter Lointek Gernika Bizkaiaren jokalaria izendatu dute 11. jardunaldiko jokalari baliotsuena (Most Valuable Player MVP ), 29 puntugaz. Denboraldia hasi zutenetik, talde gernikarraren jokalari erregularrena dela erakutsi, eta ligako izarretako bat dela agerian utzi du.