Bera Berak irabazi du Jaujaren omenezko partida
Mutrikuko Jauja Eskubaloi Taldearen 30. urteurrenaren harira, goi mailako ikuskizuna eskaini zuten Donostiako Super Amara Bera Bera taldeak eta Barakaldoko Prosectenisa Zuazok, zapatuan, Mutrikuko kiroldegian. Lagunarteko partida ikusgarria jokatu zute...
Partidari dagokionez, lehen ordu laurdenean donostiarrak izan ziren nagusi. Bera Bera 8-0 irabazten hasi bazen ere, minutuak aurrera joan ahala tartea estutzen joan ziren Zuazoko jokalariak. Barakaldokoek ondo jokatu bazuten ere, donostiarrek hasieran lortutako abantailari eutsi ahal izan zioten partida amaitu arte.
Partida amaitzean, bestalde, Bera Berako Alba Menendez kapitainak oroigarri bat jaso zuen Joxe Agustin Elezgarai eta Elena Gomezen eskutik, eta Yesica Nogales Zuazoko kapitanak, ostera, Lupe Teixeira eta Nekane Astigarragaren eskutik jaso zuen oroigarria.
Jaujako ordezkariek nabarmendu dutenez, zale asko batu zen kiroldegian. «Zaleek ondo pasatzeko aukera izan zuten, eta horrez gain, hainbat jokaldi ere txalotu zituzten».
Balorazio ona
Aurreko astean hasitako ospakizunak Arkugain elkarte gastronomikoan egindako bazkariagaz amaitu zituzten. «Bazkaltzen 90 bat lagun batu ginen, eta beste hamar bat kafera etorri ziren».
Urteurrena ospatzeko egin dituzten ekimenen inguruko balorazio oso ona egin dute. «Oso gustura geratu gara. Jende asko etorri da erakusketara; polita izan da baita ere eskubaloi jaialdia. Egin dugun esfortzuak merezi izan du».