Talde kirola, jolasten ikasten
Gernika-Lumoko eta inguruetako taldeetan “lekurik” ez duten umeek eta gaztetxoek jokatzen dute Urdaibai futbol taldean. Hau da, edozeini futbolean jokatzeko aukera ematen dio taldeak, eta filosofia horrek erakarrita erabaki zuten Navarrok eta haren kideek beren proiektua bertan lantzea. Gainera, taldeko jokalari guztiek arbitro ikastaroa egiten dute, arauak zeintzuk diren ondo jakiteko. “Futbolari guztiak ez dira kirolariak. Ume eta gaztetxoek miresten dituzten futbolari askok ez dituzte kirolaren balioak. Lehiakorra izatea ona da, eta talde moduan lorpen asko erdiesteko aukera ematen du. Baina ez gatoz bat entrenatzaile edota guraso askok jokalariei helarazten dizkieten zenbait mezurekin”. Izan ere, “Irabazi duzue?” eta “Golik sartu duzu?” moduko galderak askotan egiten zaizkie, baina MTAkoek argi dute hori ez dela helburua: “Garrantzitsuena da ea gozatu duten, eta ea entrenamenduetan barneratutakoa gauzatu duten”. Dioenez, elkarrizketa da haien metodologiaren oinarri nagusietakoa. Horregatik, entrenamenduetan eta partidak amaitzean hausnarketa egiteko batzen dira jokalariekin. Denen artean aztertzen dute zer egin duten gaizki eta zer hobetu behar duten. Partidetan, planto Beren partidetan ez dute onartzen irainik edota mezu edo jarrera desegokirik. Horregatik, jokalariek eurek erabaki dute neurketetan horrelakorik entzun edo ikusiz gero zelaian eseri eta planto egingo dutela. Oraindik ez zaie hori gertatu, baina, Navarrok dioenez, jokalariek argi dute beharrezkoa den guztietan egingo dutela. “Kapitainak epaileagaz berba egingo du, eta iraina bota duenari bere jarrera zuzentzeko eskatuko zaio. Hori egin ezean, zelaia uzteko aukera duela esango diote”. Aipatu balioekin batera, enpatia ere lantzen dute, eta partidak hasi aurretik aurkariekin eta entrenatzailearekin talde argazkia ateratzen dute. “Epaileak eta entrenatzaileak harrituta geratzen dira argazkia ateratzeko eskatzen diegunean. Baina guretzat oso garrantzitsua da keinu horrekin jokalariei eta gurasoei helarazten diegun mezua”, azaldu du Navarrok. Haren berbetan, erantzukizun itzela dute, eta jokalariak motibatuta eta estimatuta sentitzea da MTAko kideen helburua: gai direla ikusaraztea. Mezuen garrantzia “Uste dugu bestelako futbola posible dela; hori amesten dugu, eta horretarako lan egiten dugu. Kontua ez da beti berdinek jokatzea eta besteak aulkian uztea. Horrek eragin zuzena du gaztetxoengan; hori haien barruan geratzen da, eta ondorioak ditu, orain eta etorkizunean. Irabazteko, denak ez du balio. Bakoitzak bere ekarpena egiten dio taldeari”, nabarmendu du MTAko ekintzaileak. Urdaibai futbol taldeko kadeteen gurasoek beren semeekin metodologia berezi hau lantzeagatik eskerrak eman dizkietela dio Navarrok: “Guk ere eskertzen diegu aukera eman izana eta gure metodologia hain ondo ulertu izana. Jokalariekin asko ikasten gabiltza”. Gurasoekin bakarrik ez; jokalarien tutoreekin ere harreman zuzena izan gura dute, eta ikasturtean institutuetara joango dira haiekin batzartzera. Horrela, aztertuko dute ea beraiek lantzen dutenak zelaian duen eragin bera igartzen duten jokalarien ikasketetan eta haien eskolako jarreran ere. Izan ere, haientzat garrantzitsua da jokalarien balioetan, jarreretan, motibazioan eta baikortasunean eragin dutenak isla izatea haien bizitzan eta ikasketetan.Urdaibai futbol taldeko jokalariek ez dute irainik edota jarrera desegokirik onartzen beren norgehiagoketan
Apaltasunez hasi dira, baina askotariko eragileen artean sare bat osatzea da haien ametsa eta erronka. Indarrak batu, eta ahalik eta gehien eragiteko. Oraingoz, kadeteen taldeagaz lortu dutenarekin pozik eta harro daude, eta emaitzak ikusten hasi direla azpimarratu dute MTAko kideek: “Metodologiak oso ondo funtzionatu du. Jokalariengan, taldearengan eta futboleko emaitzetan ondorioak igartzen ari gara. Esate baterako, partida bat gutxiagorekin, liderretik lau puntura gaude”. MTAko ekintzaileentzat jokalariek “ikasten ikastea” ezinbestekoa da. Horregatik, jokalariak eurak dira entrenamenduetan zer landu behar duten hausnartzen eta erabakitzen dutenak. Horrela, kirol balioak barneratzeagaz batera, benetako taldea osatu dute. Hain zuzen ere, entrenatzaileen norabide bakarreko mezuak saihestu, eta jokalarien jarrerak aldatzea lortu dute. “Talde lana da oinarri nagusietako bat. Hausnartzera bideratzen ditugu. Autogestioan oinarritzen gara, eta oker edo arazoen konponbide asko jokalarien beraien ahotik etortzen dira entrenamenduetan”.Metodologiak oso ondo funtzionatu du, eta taldean eta jokalariengan emaitzak igartzen hasi dira