Inbasioari aurre eginez
San Martin erreka garbitu du URA agentziak, landare inbaditzaileak moztuz. Bermeon egindako lana esperimentu txiki bat egiteko baliatuko dute, izurriteari aurre egin asmozUraren Euskal Agentziak (URA) banbua eta kanabera kentzeko lanak burutu ditu San ...
San Martin erreka garbitu du URA agentziak, landare inbaditzaileak moztuz. Bermeon egindako lana esperimentu txiki bat egiteko baliatuko dute, izurriteari aurre egin asmoz
Uraren Euskal Agentziak (URA) banbua eta kanabera kentzeko lanak burutu ditu San Martin errekan. Bermeoko Udalak eskatu zion agentziari lan horiek egiteko, eta, zehaztu dutenez, Ibarreta kaletik Landabaso industrialderainoko tartea da garbitu dutena.Irune Ormaetxea Bermeoko Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, inguru horretan, erreka ondoan, soloak egon dira; eta horietan banbua eta kanabera landareak landatu izan dira. «Hala ere, solo batzuk erabiltzen utzi dituztenean, landare inbaditzaile horiek inguru guztia hartu dute, erreka ertzak barne», zehaztu du.
Egindako beharra «zaila eta gogorra» izan dela esan du Ormaetxeak, azalera handia zelako, eta banbuak lodiak. Hala eta guztiz ere, sastrakak kentzeko lan horretan errekako landaredia errespetatu dutela azpimarratu du.
Eraginkortasunaren bila
Landareen sustraiak, baina, lurrean geratu dira, eta hurrengo udaberrian banbuak berriro kimu berriak emango dituela ohartazi du Ingurumen zinegotziak. Beraz, hurrengo urteetan, aldizka, berriro garbiketak egin beharko dituzte, inbasioagaz guztiz amaitzeko.
Bestalde, landare inbaditzaileen arazoari aurre egiteko eta behin betiko irtenbide bat eman asmoz, URAk Bermeon egindako lana esperimentu txiki bat egiteko aprobetxatuko dutela jakinarazi du Ormaetxeak. «Horrela, partzela batean, moztutako zurtoinetan, baimendutako herbizida bat botako da; eta beste batean, udaberrian sortutako kimuetan tratamendu berbera egingo dute. Hala, ikusi ahal izango da zein den tratamendurik eraginkorrena izurri horri aurre egiteko», azaldu du.
Errekak balio natural handia duten guneak direla gogorarazi du Ormaetxeak: «Babestutako espazioak dira, eta Europar Batasunak Urdaibaiko errekak babes bereziko eremu bezala izendatu ditu». Hori dela eta, inguru horiek babestearen beharra nabarmendu du.
URAgaz hitzarmena
Ormaetxeak gogoratu du Bermeoko Udalak eta URAk 2015eko azaroaren 14an Jabari Publiko Hidraulikoko ibai-ibilguetan eta ertzetan elkarlanean aritzeko hitzarmena sinatu zutela. Akordio horren arabera, udalari dagokio hiri-hondakinen kudeaketa errekek hiri esparrua zeharkatzen duten guneetan. URAk, bere aldetik, errekaren gaitasun hidraulikoa hobetzeko eta ibai ertzeko landareak egoki mantentzeko ardura dauka; inbaditzaileak diren landareak kentzea barne.