Gernikarren eta hernaniarren arteko lehia bihar, Urbietan
Amaiur Torneoaren 3. jardunaldian Gernika Rugby Taldearen eta Hernani C.R.Eren arteko derbiaz gozatzeko aukera izango dute zaleek Urbietan, bihar.
17:30ean hasiko da norgehiagoka. Hernani talde indartsu eta esperientziaduna dela jakinda, partida gogorra izango dela ondo dakite basurdeek.
Baina, orain arteko partidetan moduan, gozatzera zelairatuko direla adierazi du Lukene Uriarte taldeko kapitainak: “Urte asko daroaz taldeak, ez da partida erreza, baina, gu disfrutatzera joango gara”.
Gero eta talde trinkoagoa osatzen ari direla zehaztu du. Apurka-apurka zelaian talde bat izatea lortzen ari dira, eta gustura daude.
Bihar Urbietan giro polita egotea espero dute. Orain arteko partidetan moduan, etxeko zaleen babesa eskertuko dute: “Familiakoak eta lagunak egoteak nolabaiteko segurtasuna ematen digu”.
Otzararen zozketa
Hilaren 8an moduan, bihar ere Lourdes fruitu dendak emandako otzara osasungarria zozkatuko dute.
Pozik eta gogotsu hasi dute torneoa: “Ikasteko eta lehiarako jarrera baditugu, gogorik ez zaigu falta”.
Biharko neurketaren moduan, hemendik aurrerako denak esperientzia duten taldeen kontra jokatuko dituztela azaldu du taldeko kapitainak. Esaterako, asteburu honetako jardunaldiaren ostean, La Unica Neskak taldearen kontra jokatuko dute laugarren jardunaldian. “Esperientzia duen taldea da, gainera, indartsu, eginahalean ari dira Ohorezko Mailan jokatzeko sailkatu nahi dutelako”.
Amaiur Torneoa taldea osatzeko eta esperientzia hartzeko txapelketa da basurdeentzat, eta zailena eta gogorrena urtarriletik aurrera etorriko dela badakite: “Orduan hasiko da benetako liga”.