Udalak eta Merkatari Elkartuek akordioa sinatu dute euskara bultzatzeko
Gernika-Lumoko Udaletxeko Euskara Batzordeak eta Merkatarien Elkarteak Hitzargune akordioa sinatu dute gaur, herriko merkataritza guneetan euskararen erabilera sustatzeko asmoarekin. Orain arte, merkataritza, enpresa eta ostalaritza sektoreetako 240 partaidek egin dute bat ekimen honekin.
Hitzarmen berri hau plazaratzeko Marisa Aldamizetxebarria Gernika-Lumoko Euskara zinegotzia, Iraia Ladislao Gernika-Lumoko Merkatari Elkartuak-eko zuzendaria, Estiñe Astorkia Hitzarguneko koordinatzailea eta Borja Escalona merkataritza teknikariak prentsaurrekoa eman dute Kultur Etxean.
«Euskara batzordearekin hitzarmen hau egiteko proposamena egin zigutenean, ideia ona iruditu zitzaigun, elkarte moduan euskara delako guk bultzatu nahi dugun lehenengo tresna», azaldu du Ladislaok.
Hitzarmena aurrera ateratzeko Artez Euskara Zerbitzuaren laguntza izan dutela ere gehitu du Ladislaok; «saltokietan dena euskaratzen laguntzeko, batez ere beraiek lagundu digute apur bat gaztelera alde batera uzten, eta egunerokotasunean denok ulertzen dugun euskara ezartzen». Sinatutako hitzarmenari esker, proiektu honi , bultzada kualitatibo bat emateko asmoa erakutsi dute.
Emandako lehen pausoen artean, merkatarien elkartean erabiltzen dituzten dokumentu guztiak euskaraz izatea eta bezeroari lehen hitzak euskaraz egitea izan dira. Hortik abiatuta, ahalik eta gehien euskaraz egiteko esfortzua egiten ari direla jakinarazi dute: irudi korporatiboan, bezeroekin duten idatzizko zein ahozko harremanetan, adibidez.
Bestalde, merkataritza sektoreak dituen ikerketak edo ezagutzak, Euskara Zerbitzuarekin partekatuko dituztela ere aurreratu dute, elkarren arteko sinergiak bilatzeko asmoarekin.
Hau dena burutzeko, «urtean zehar hainbat koordinazio bilera antolatuko ditugu, sistematikoki elkarlanean jarduteko», adierazi du Astorkiak. Azken finean, asmoa hitzarmena praktikara eramateko marko bat sortzea dela gaineratu du.
«Guk uste dugu euskara etorkizuna dela, eta modernizaziorako eta kudeaketaren parte bilakatu dela, beraz oso pozik gaude akordio honekin», gehitu du Borja Escalonak.
1991tik lanean. Hitzargune kanpaina 1991n abiatu zuen Gernika-Lumoko Udalak, merkataritza arloan ez ezik, udalerri osoan euskararen erabilera sustatzeko asmoarekin. Hasieratik merkataritza arloa estrategikoa izan da ekimen honetan, eguneroko bizitzan duen eraginagatik. Azken urte hauetan hainbat udalerrik Gernikaren kasua hartu dute erreferentzia bezala.
2001ean enpresen arlora ere zabaltzea erabaki zuten, metodologia bera aplikatuz, baina bakoitzaren egoerara egokituz. Izan ere, enpresen beharrak eta egoerak oso ezberdinak, hitzarmenak arlo asko hartzen bai ditu.