Goizean goizetik jai giroa da nagusi herriguneko kaleetan. Euriaren beldurrik barik, gernikarrak ezin inguruko bizilagunak senide eta lagun artean elkartu dira.
Batik bat eguerdian batu da jende gehien. Izan ere, orduan bota dute Gazteak Txistulari Taldeko ordezkariek jaiari hasiera emateko txupina.
Hala ere, goizean azoka berezia egon da Merkatu plazan, eta sukalkia eta ardoa dastatu dute bertaratu direnek. Halaber, URE taldearen eskutik umeen txokoan dibertitu dira umeak.
Txupinazoaren ostean, kupela zabaldu, eta Merkurio iturrian zeudenek sagardoa probatzeko aukera izan dute.
Musikak, dantzak eta herri kirol erakustaldiak hartu dute herrigunea, eta ehunka lagun bildu dira.
Euskal Herriko Kantaguneko 510 kide aritu dira bertaratutakoen belarriak gozatzen. Euskal Herri osotik etorritako kideek osatzen dute taldea, eta besteak beste, Urdaibai Kantagunea, Bermeo kantari, Gasteiz Kantuz, Donostia Kantu Jira, Zarautz kantuan edota Eibarko kantuzaleak taldeetako ordezkariak egon dira. Horien abestiak kantatzen aritu dira asko eta asko.
Halaber, herriko Elai Alai dantzari taldeak emanaldia eskaini du, eta Segundo Olaetako ikasleekin kalejiran ibili dira herritarrak. Euskal Fanfarriaren, txistularien eta trikitilarien doinu artean zeharkatu dituzte herriko kale nagusiak.
Bestalde, Piratak Herri Kirol Taldeko kideek askotariko herri kirolen erakustaldia burutu dute Artekalen. Horiek ere jende askoren harreta bereganatu dute.
Merkurio iturriaren parean jarri dute herriko Gargantua ere, eta umeengan zein nagusiengan ikusmina sortu du.
14:30ak inguruan hasi da Elai Alai dantzari taldearen
Erregelak emanaldia, eta amaitu ostean, jendetza hurreratu da Merkatu plazara.
Bertan, 750 pertsona inguruk bazkaldu dute. Indabak eta bakailaoa janda bapo geratu dira. Tripak ondo bete ostean, kantuan eta dantzan ariko dira datozen orduetan, Urdaibai Kantaguneko kideek baitute bazkalondoa girotzearen ardura.
Goizean moduan, arratsaldean ere musikarik ez da faltako. 19:30etatik aurrera, Merkatu plazatik irtengo dira kalejiran Patxaranga fanfarriagaz. Gauean, berriz, Honat taldearen erromeria egongo da Pasealekuan.