Kontuleku tailerra eskainiko dute Bermeon eta Gernika-Lumon
Bermeoko eta Busturiko liburutegiek, berriz, irakurzaletasuna suspertu asmoz, sormena lantzeko idazmen tailerra abiaraziko dute, 8 eta 11 urte bitartekoentzatBermeoko eta Gernika-Lumoko udal liburutegiek Kontuleku tailerra antolatu dute. Haurren artean...
Bermeoko eta Busturiko liburutegiek, berriz, irakurzaletasuna suspertu asmoz, sormena lantzeko idazmen tailerra abiaraziko dute, 8 eta 11 urte bitartekoentzat
Bermeoko eta Gernika-Lumoko udal liburutegiek Kontuleku tailerra antolatu dute. Haurren artean literaturarekiko zaletasuna piztea da Kontuleku tailerraren helburua, eta 3 eta 6 urte bitarteko umeei zuzendutako ekimena da. Interesa duten horiek guztiek Bermeoko eta Gernika-Lumoko liburutegietan eman ahalko dute izena.Kontuleku tailerraren bidez, liburuekiko maitasuna sustatzeaz gain, ahozko literaturaren eta irudimenaren munduari esker umeen eta gurasoen arteko harremanak sendotu gura dituzte. «Haurrei beste zaletasun bat pizten zaie, eta gurasoek irakurtzeko eskatzen dietela esaten digute», azaldu du Gernika-Lumoko liburutegiko arduradunak.
Bermeon, urriaren 17tik abenduaren 12ra egingo dute, astelehenetan. Guztira, bederatzi saio egingo dituzte. Jakinarazi dutenez, bi taldetan banatuko dituzte umeak; alde batetik, 3 eta 4 urteko umeen taldea egongo da, 17:00etatik 18:00etara. Bestetik, 5 eta 6 urtekoen taldea 18:00etatik 19:00etara batuko da.
Taldeak mugatuak izango dira; talde bakoitzean zortzi umek parte hartu ahalko dute, guraso bategaz.
Gernika-Lumon, taldeak zarratuta daudela adierazi dute antolatzaileek. Hala ere, itxaron zerrenda irekita dago. Urriaren 5etik azaroaren 30era bitartean izango da tailerra, eguaztenetan, eta Bermeoko liburutegiaren ordutegi bera edukiko dute.
Bermeoko udal liburutegiko arduradunek azaldu legez, «gurasoek seme-alabekin bizipenak elkarbanatzeko baliabideak aurkituko dituzte espazio horretan: soinu jolasen, jolas lirikoen edota antzerkien bitartez, beste teknika batzuen artean». Diotenez, afektibitatea, psikomotrizitatea, estimulazio goiztiarra eta harremanak landuko dituzte, besteak beste.
Parte hartzen duten gurasoei bibliografia eta etxean lantzeko jarraibideak emango dizkiete, hala gura izanez gero.
Hilero ordubete
Bestalde, 8 eta 11 urte bitarteko umeengan irakurzaletasuna suspertu asmoz, Bermeoko eta Busturiko liburutegiek sormena lantzeko idazmen tailerrak antolatu dituzte. Ekimen hori urria eta maiatza bitartean egingo dute Bermeon, eta hilero ordubeteko saioak egingo dituzte. Busturian, berriz, urriaren 24an, azaroaren 7an eta 21ean eta abenduaren 12an eta 19an izango da, 16:00etatik 17:00etara.
Sormena lantzeko idazmen tailerretan, umeen gurariak, interesak eta fantasia pertsonalak abiapuntu hartuta, ariketak, jokoak eta dinamika ezberdinak egingo dituztela azaldu du Bermeoko liburutegiak, «umeen irakurzaletasuna suspertzeko, batetik; eta, liburuekiko atxikimendua sortzeko, bestetik».
Zaletasuna piztu nahirik
«Giro atsegina» sortu gura dute taldean; hala, «umeak gustura eta pozik egotea eta umeengan liburuak irakurtzeko gogoa piztea» da helburua.
Era berean, umeek liburutegia zertarako den eta nola erabiltzen den ikastea ere badute asmo, liburutegiko arduradunek azaldu dutenez, «apurka-apurka liburuak euren kabuz aurkitzeko gai izan daitezen».
Tailerrean erabiliko duten metodoaren oinarria parte hartzea da. Horregatik, saio guztietan egongo dira hezkuntza eta dibertsioa uztartzen dituzten jarduerak.