Data aldaketagaz dator aurten Busturiko azoka ekologikoa. Orain arte, uztailean egiten zuten. Irailean, «genero gehiago eta hobea» egoten dela iritza, zapatuan egingo dute. 12:00etatik aurrera, produktu ugari aurkitu ahalko dituzte bertaratzen diren horiek guztiek.
Azoka ekologikoa Busturian
Busturiko Udalak eta Lurrekok, Nekazari Ekologikoen Elkarteak, BBKren laguntzagaz antolatzen duten azoka ekologikoa hamaseigarren urtera iritsi da aurten. Ohi legez, Axpe auzoan kokatuko dituzte ekoizleek euren salmahaiak. Ortuariez gain, marmeladak, gazta eta esnekiak, ogia, pasta ekologikoa, kosmetikoak eta eskulanak egongo dira aukeran, 30 salmahaitan.
Azoka ekologikoa girotzeko, kalejiran ibiliko dira, urtero legez, trikitilariak. Gainera, 13:00etan, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolarien bertso saioagaz disfrutatu ahalko da.
Azoka ekologikoaz gain, bigarren eskuko azoka ere jarriko dute zapatuan, Axpen. Hain zuzen ere, udaletxe ondoko plazan kokatuko dituzte erakusmahaiak.
Lekuak dagoeneko beteta daudela azaldu dute antolatzaileek. Jakinarazi dutenez, 20 parte hartzaile egongo dira mota guztietako produktuekin: arropak, jostailuak, osagarriak… izan ere, edozein gauzarekin parte hartu daiteke azokan, janaria eta abereak izan ezik, «debekatuta daudelako». Azokara eroaten diren gauzak, bestalde, egoera onean egotea eskatzen dute