Asteburu honetan bizikletak izan dira nagusi Gernika-Lumoko kaleetan, izan ere, zapatuan zazpigarren Jabi Amorrortu Martxa Zikloturista egin zuten, eta domekan berriz, familiek hartu zuten txanda. Ekintza hauek Bizikleta Astearen egitarauaren barruan,
eguenean egingo den Kotxerik Gabeko Nazioarteko Egunaren harira egin dituzte.
“Asteburuko
eguraldi txarrak, parte hartzea baldintzatu duen arren, jendea animatu egin da eta emaitzarekin pozik gaude”, adierazi dute Aixerrotape Txirrindulari Elkarteko kideek.
Zapatuko martxa 120 bat parte hartzailek burutu zuten. Urtero moduan, Merkurio iturriaren parean hasi eta amaitu zuten martxa. Gautegiz Arteaga arteko sei kilometroak neutralizatuak izan ziren, eta gero Laida eta Laga hondartzetako bidea hartu, eta Ibarrangelutik Natxituara joan ziren. Handik, Ea, Ispaster, Ereño, Nabarniz, Arratzu, Munitibar, Muxika eta Mendata zeharkatu ostean heldu ziren Gernika-Lumora.
Amaieran, martxa antolatzen laguntzen duten enpresa eta erakundeek utzitako materiala zozkatu eta banatu zuten. Halaber, partaide nagusienari, neska bakarrari eta urrunagotik etorri zenari errekonozimenduzko sariak eman zizkieten.
Domekan gynkana egin zuten gaztetxoek (Argazkia: Aintzina Monasterio)
Atzo berriz, lehendabizi, mekanika tailerrean eta gynkanan batu ziren umeak. Ostean,
guraso eta seme-alabentzako martxa solidarioa egin zuten. Eguraldiaren eraginez ibilbidea laburtu behar izan bazuten ere, bidean jende gehiago batu zitzaien: “Hasi ginenak baino gehiagok bukatu genuen”.
Miguel Madariaga Euskadi Fundazioko presidenteak eta Maria Uribe Gernika-Lumoko alkateordeak moztu zuten familien martxako zinta.
Proba solidarioan 42 familiek emandako 70-80kg elikagai batu zituzten, eta Gurutze Gorriko kideek beharrizana duten herritarren artean banatuko dituzte.
Tailerrak eskoletan
Gaur hasita
Euskadi Fundazioaren kideek
tailerrak emango dituzte bertoko
ikastetxeetan. Bide Hezkuntza eta mekanika landuko dituzte, eta gynkanak ere egingo dituzte.
Gaur Allende Salazar ikastetxean egin dute lehen saioa.
Martitzenean San Fidel ikastetxera joango dira Euskadi Fundazioaren kideak, eta
eguaztenean Seber Altube ikastolara.
Eguenean Mertzede ikastetxean egingo dute tailerra, eta b
arikuan, Barrutia ikastetxean egingo dute azken saioa.
Kotxerik Gabeko Nazioarteko Eguna
Azken urteetan moduan, ikastetxeetako ume eta gaztetxoak eskolara bizikletan joanda hasiko dute Kotxerik Gabeko Nazioarteko Eguna. Aurten, Eskola Bidea ekimeneko antolatzaileekin batu dira ibilbideak eta arduradunak adosteko, eguenean haurrek eskolara bizikletaz joateko aukera izan dezaten.
Bestalde, D.B.H. 1. mailako ikasleak Elai-Alai aretoan elkartuko dira, Eneko Redondoren
Sei hilabete gurpilekin bidaiari berbaldian.
Bidegorriaren aldarria
Bestalde,
Bidegorridxe Gernika-Lumon ekimeneko partaideek, udalak bidegorriaren aldeko ekimena zentsuratu duela salatu dute. Izan ere, domekan
Non dago Bidegorria? leloa zuen afixak kendu zituela adierazi dute. “Udalak Bizikleta Astean bizikletaren erabilera sustatzen duen bitartean,
bidegorri sarea ez da bere osotasunean sustatzen eta trabak jartzen dira bidegorri sarea eskatzen denean”.
Ekimenetik adierazi dute hau ez dela bidegorriaren aldeko aldarrikapena mozten den lehen aldia. Udalari gogorarazi diote, 2011. urtean bizikletaren erabilera bultzatzeko eta honen azpiegiturak egiteko onartutako mozioak ez dituela bete.