Kontxako bandera herrira ekarri ostean, San Miguel ligaren bila doaz
Bou Bizkaia-ko arraunlariak. Emozioak, oraindik, pil-pilean izango dira asteburuan, batez, ere,
TKE ligako azkenaurreko jardunaldia Bermeoko uretan jokatzen delako.
Liga amaiera, berriz,
Portugaleten izango da,
domekan. Gaur gaurkoz,
192 puntu dauzka Urdaibaik, eta bi puntu gutxiago dauzka Hondarribiak.
Irune Ormaetxea eta Agustin Aranburu goizeko aurkezpenean
Gaur goizean egin dute Arrantzaleen Museoan estropadaren aurkezpena, eta bertan jakinarazi dutenez,
18:00etan hasiko da lehia. Azaldu dutenez,
hiru txandatan banatuta,
12 traineruk hartuko dute parte zapatuko estropadan.
Lehenengo,
igoera eta jaitsierako play off fasearen lehenengo jardunaldia izango da jokoan.
Portugaletek, Ondarroak, Kaiarribak eta Aresek parte hartuko dute horretan.
Erlojupeko proba izango da eta 5.556 metroko ibilbidea egin beharko dute parte hartzaileek. Traineruek bigarren kalea erabili beharko dute, kale gorria, eta lau luze eta hiru ziaboga izango ditu probak. Traineruak minutu bateko aldearekin aterako dira.
Play off-aren ostean, Orio, Tiran, Astillero eta Cabo taldeetako arraunlarien txanda izango da. Amaitzeko,
San Miguel Ligako sailkapen nagusian sailkatutako lau ontziak ariko dira arraunean:
Hondarribia, Kaiku, San Juan eta Urdaibai.
Traineruek
Olatua eskulturaren ondoko maldaxkatik sartu beharko dute uretara, eta azken urteetan egin modura, irabazleek
uretan jasoko dute bandera.
Olatu horma itxita
Aurten, baina,
eragozpen handi bat dago. Herritarrek eta bisitariek
ezin izango dute olatu horma erabili estropadak ikusteko, Eusko Jaurlaritza lanak egiten ari baita. Hala ere, Urdaibai Arraun Elkarteko presidente Agustin Aranburuk eta Bermeoko Udaleko kirol zinegotzi Irune Ormaetxeak adierazi dutenez, “ahalegin berezia” egiten ari dira
Erroxape kaia erabili ahal izateko estropadak ikusteko. Jakinarazi dutenez, “oraindik, baina, ezin dute ziurtatu posible izango den”. Herritarrek eta bisitariek estropada “ahalik eta hobeen” ikustea da asmoa. Izan ere, asko izango dira Bermeora bertaratuko diren arraun zaleak, Ondarroatik, esaterako, autobusa antolatu dute; Ondarroako arraunlariek play off-a jokatuko baitute.
Bestela, TKE ligako arduradunek jartzen duten
pantaila erraldoitik ikusteko aukera egongo dela azaldu dute; aipatu pantaila non jarriko duten ez dute oraindik zehaztu.
Ormaetxeak adierazi modura, “Bermeorentzat ohore bat da lehen mailako ikuskizuna den Bermeo Hiriko ikurrina estropada hartzea”. Herrian giro “aparta” ez dela faltako esan du kirol zinegotziak, “herriko jaiak egun bat luzatuz”. Hala, gogorarazi duenez, Bou Bizkaia Peñak antolatuta,
17:00etan fanfarrekin kalejira egongo da, San Migeleko eskaileretatik hasita.
Gaurko agerraldia aprobetxatu du Ormaetxeak TKE ligan parte hartzen duten taldeei zorionak emateko, bereziki, herriko taldeari, Urdaibairi: “Zuzendaritzari, entrenatzaileei, talde teknikoari, arraunlariei eta jarraitzaileei”.