Ehunka bermeotarrek egin zieten harrera beroa Urdaibaiko arraunlariei, atzo
Kontxako Bandera irabazi eta gero. Hirugarren urtez,
Bou Bizkaiako arraunlariek nagusitasuna erakutsi zuten Donostiako uretan, eta egindako ekintza gogoangarria herriarekin ospatu nahi izan zuten.
Berez egun berezia zen atzokoa, herriko jaietan Sukalki Eguna ospatzen ari zirelako, baina Kontxako Bandera irabazi izanak egun borobila eman zien bermeotarrei. Izan ere, 20:30etan arraunlariak Bermeoko Lamera parkera heldu zirenean, bertan zeuden hainbat herritarrek txalo eta abestien artean hartu zituzten txapeldunak.
Bandera hartuta, arraunlariak jendetza zeharkatu eta parkean dagoen agertokira igo ziren, bertan herri guztiarekin poza partekatzeko. “Bermeoko herri guztia zuekin harro gaude. Urte guztian egindako lana eta esfortzuagatik eta merezitako Kontxa Bandera irabazi izanagatikzoriondu nahi zaituztegu ”, adierazi zuen Idurre Bideguren, Bermeoko alkateak.
Jon Salsamendi,
Urdaibaiko entrenatzaileak ere hitza hartu zuen, momentu batzuetan emozioz, arraunlariei banan-banan eskerrak emateko, eta baita herri guztiari ere, eskeinitako babesagatik. “Bermeo benetan herri berezia da”, adierazi zuen herriaren inplikazioa txalotuz.
Era berean, datorren zapatuan
Bermeon ospatuko den estropadara animatzen joateko deia egin zieten zale guztiei. Bermeo Hiriko 34. bandera lehiatuko dute arraunlariek, San Miguel Ligako azken aurreko proban.