Segundo bat eta 78 ehuneneko aldea atera zion atzoko estropadan Urdaibaik Hondarribiari. Alde estua egon zen beste behin TKE Ligako aurtengo bi handien artean. Beraz, domekarako emozioz beteriko lehia espero da.
19 minutu, 22 segundo eta 48 ehunenetan amaitu zuten lehia bermeotarrek.
Txanda desberdinetan burutu zuten beraien lana; biek ala biek dena eman, eta txandan nagusitzea lortu zuten.
Hondarribiaren denboragaz konparatuta, Urdaibaik lehen luzean 4 segundo gehiago zeramatzan, baina, ziabogaren ostean egoera guztiz aldatu zen. Bermeotarrek bigarren luze ikaragarria burutu zuten.
9 minutu, 43 segundo eta 61 ehuneneko denbora markatu zuten Ama Guadalupekoa ontzikoek lehen ziabogan, eta Bou Bizkaiako arraunlariei 5 segundo eta 15 ehuneneko aldea atera zieten. Hain zuzen ere, Kaiku zein Orio Bermeo baino azkarragoak izan ziren ziabogan.
Hondarribiak, Kaikuk, San Juanek eta Oriok osatu zuten lehen txanda. Hondarribiarengandik 11 segundo eta zortzi ehunenera sailkatu zen Kaiku, eta pasaitarrak izan ziren txandako hirugarrenak, hondarribitarrengandik 21 segundo pasatxora helduta. Oriok, ostera, Hondarribiak baino 24 segundo eta 88 ehunen gehiago behar izan zituen estropada amaitzeko.
Beste maila batean
Bigarren txandan Urdaibaik bere nagusitasuna agerian utzi zuen. 30 segundo eta 86 ehuneneko aldea atera zion Zierbenari, eta 35 segundo eta 38 ehunenekoa Tirani. Donostiarrak bere estropada egin zuen; irabazlearengandik 58 segundo eta 38 ehunenera sailkatu zen. Lehia hasi aurretik espero zitekeen emaitza da, baina, Kontxan ezuztekoak ere izaten direla jakina da. Hala ere, atzo ustekabe gutxi egon zen.
Urdaibaiko arraunlariak atzo, Donostiako portuan. Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak.
Ohorezko txandan
Kontxako bigarren eta azken jardunaldian, Bermeo, Hondarribia, San Juan eta Kaiku Ohorezko txandan egongo dira. Bestalde, Oriok, Zierbenak, Tiranek eta Donostiarrak osatuko dute lehen txanda.
San Juan nagusi nesketan
Bestalde, gizonezkoen aurretik emakumezkoen estropada jokatu zuten, eta San Juan izan zen zortzi taldeen artean azkarrena. 10 minutu, 39 segundo eta 88 ehuneneko marka lortu zuen, eta Hibaika bigarren sailkatuari 2 segundo eta 28 ehuneneko aldea atera zion.
Gizonezkoen lehian moduan, emakumezkoetan ere alde estua dago atzoko lehenengo hiruren artean, beraz, domeka honetan edozer gerta liteke.
Oriotarrak sailkatu ziren hirugarren, pasaitarrengandik 3 segundo eta 74 ehunenera.
Kontxako 1. jardunaldiaren sailkapenak:
GIZONEZKOAK:
- Bermeo: 19:22.48
- Hondarribia: 19:24.26 (+1.78)
- Kaiku: 19:35.34 (+12.86)
- San Juan: 19:46.00 (+23.52)
- Orio: 19:49.14 (+26.66)
- Zierbena: 19:53.34 (+30.86)
- Tiran: 19:57.86 (+35.38)
- Donostiarra: 20:20.90 (+58.42)
EMAKUMEZKOAK:
- San Juan: 10:39.88
- Hibaika: 10:42.16 (+0:02.28)
- Orio: 10:43.62 (+0:03.74)
- Zarautz-Getaria: 11:05.44 (+0:25.56)
- Cabo: 11:11.62 (0:31.74)
- Deusto: 11:17.64 (+0:37.76)
- Hernani: 11:21.80 (+0:41.92)
- Donostia: 11:24.02 (+0:44.14)