Nafarroa Bizirikek, Independentistak Sarea eta Bermeoko udalaren laguntzagaz, ikusgai jarri du berriro ere, Nafar gazteluaren oroitarria. 2013an kokatutako leku berberean jarri dute mugarria, Gaztelugatxeko San Juanen, hain zuzen ere.
Hainbat lagun hurbildu ziren Gaztelugatxera
Hala, zapatuan, oroitarri berriaren inaugurazio ekitaldia egin zuten. Sanjuanportaletik abiatu zen goizean talde bat mugarriraino joateko. Eguerdian, berriz, ohorezko aurreskua dantzatu zuten, ikurrina eta eta Nafarroako bandera altxatu zituzten eta sabelak betetzeko tartea ere eduki zuten bertaratutako guztiek.
2013. urteko ekainaren 23an jarri zuten lehenengoz oroitarria Nafarroa Biziriken Nafar Gazteluen memoria berreskuratzeko kanpainaren baitan. Oroitarriak, baina, «sabotaje ezberdinak» jaso zituela salatu dute, «desagerrarazi arte».
Independentistak Saretik azaldu dutenez, «Euskal Herrian beste hainbat mugarrirekin pasa den moduan, falangista talde baten erasoa izan denaren susmoa dago».