Argazkilaritza gustuko dutenentzako lehiaketa antolatu dute, lehenengoz. Gernika-Lumoko kultur etxeak eta Photoka Gernikako argazkilaritza elkarteak deitu dute lehiaketa, Euskal Herriko Argazkilaritza Talden elkartearen, Maierren eta Madariaga dorretxearen laguntzarekin.
Lehiaketak bi modalitate izango ditu, gaiaren arabera. Hala, gai libreko argazkiak jasoko dituzte batetik; eta Urdaibai+Gaztelugatxeko biotopoari buruzko argazkiak, bestetik. Parte hartzaileek, gehienez, hiru argazki aurkeztu ahal izango dituzte, atal bakoitzeko. Argazki monokromoa edo kolorekoa, edozein modalitate edo laborategi teknika onartuko dituzte; baita argazki digitala ere. Hala ere, antolatzaileek zehaztu dute, edozein kasutan, argazkiak aurkezteko euskarria papera izan behar dela.
Epeak
Obraren alde txikiena 18 zentimetrokoa izango da, eta gehienez 40X50 zentimetroko passpartout-a erabili beharko dute euskarri modura. Lanak aurkezteko epea irailaren 12an amaituko dela zehaztu dute, eta lanak honako helbide honetara bidali behar dira:
Gernikako Kultur Etxea – Foru plaza, 2. 48300, Gernika-Lumo, Bizkaia. Lehiaketan parte hartzeko izena eman behar da, eta argazkilari bakoitzak 10 euro ordaindu beharko ditu.
Sariak:
- 500 euro; zetazeoak ikusteko txangoa bi lagunentzat 2017an eta diploma, lehiaketaren atal bakoitzeko.
- 300 euro eta diploma, lehiaketaren atal bakoitzeko.
- 200 euro eta diploma, lehiaketaren atal bakoitzeko.
(*Parte hartzaile bakoitzak sari bakarra lortu ahal izango du).