Irailaren 4an egingo dituzte Mendatako ibilaldi neurtua eta mendi lasterketa, eta aldez aurretik izena eman gura dutenek gaur izango dute horretarako azken eguna. Izena ematea online egin behar da,
www.mendataezagutuz.net webgunean, eta inskripzioa egiteko 12 euro ordaindu behar dira.
Egunean bertan (irailaren 4an) ere izena emateko aukera izango dela jakinarazi dute antolatzaileek, plaza kopurua beteta egon ezean. Kasu horretan, baina, inskripzioa 15 euro ordaindu beharko da.
Aurten ere ibilaldi neurturako ibilbide ezberdinak prestatu dituzte antolatzaileek. Laburrak 14 eta 23 kilometrokoak izango dira, eta luzea 39 kilometrokoa. Oinezko martxetako parte hartzaileak 08:00etan aterako dira, Elexalde auzunetik.
Anoa postuak
Mendi lasterketa ere lehiatuko dute domekan, 42,195 kilometrokoa. Korrikalarien lasterketa 09:00etan hasiko da, eta horiek ere Elexaldetik aterako dira.
Ibilbideen zehar anoa postuak ipiniko dituzte antolatzaileek. Hain zuzen, 2 anoa postu izango dituzte 14 kilometroko ibilbide laburra egiten dutenek; 4 anoa postu 23 kilometroko ibilbide neurtua egiten dutenek; 6 anoa postu izango dira 39 kilometroko ibilbide luzean eta 7 mendi lasterketako parte hartzaileentzat. Azken horien ibilbidean, gainera, lau kontrol-gune jarriko dituzte.
Asistentzia eta dutxak
Ibilbidea amaitu ezin dutentzako asistentzia ere jarriko dute antolatzaileek, eta proba amaitu ostean dutxa hartzeko aukera ere izango dute parte hartzaileek.
Informazio gehiago gura duenak
www.mendataezagutuz.net webgunea kontsultatu dezake.