Euskal giroa izango da nagusi asteburuan Mundakan
Euskal Jaia ospatzeko hiru eguneko egitaraua prestatu dute mundakarrek; hala, asteburuan, euskal giroa izango da nagusi Mundakako kaleetan.
Gaur bertan, 18:30ean, pala partiduak jokatuko dituzte frontoian. Gazteen eta nagusien partiduekin gozatu ahalko dute bertaratutakoek. 20:30ean, berriz, Jose Mari Egileor Txistu Taldearen eta Mundakako Abesbatzaren emanaldia izango da portuan. Euria egingo balu, plazan egingo lukete emanaldia.
Bihar, marmitako txapelketa egingo dute 10:00etan hasita. Parte hartzaileen kazolak prest egon beharko dute 13:00etarako. Epaimahaikideek ordu horretan hasiko dute dastaketa. Guztiak dastatu ostean egingo dute sari banaketa ekitaldia. 11:00etan hasita, txistulariek girotuko dituzte herriko kaleak.
18:30ean, pilota partiduak jokatuko dituzte frontoian. Ordu bat beranduago, berriz, Adiskideak fanfarrearen txanda izango da. 21:30ean, Akiakuleren erromeriagaz dantza egiteko aukera edukiko dute bertaratutakoek. Zapatua borobiltzeko, goizaldeko 00:00etan, Akiakule erromeriak Larrain Dantza egingo du.
Azkenik, domekan, 10:30ean Mundakako txistulariak kalejiran ibiliko dira, eta 12:45ean, meza ostean, Talatik hasita, Mundakako Abesbatza, trikitilariak eta txistulariak elkarrekin ibiliko dira kalejiran.
Euskal jantzi tradizionalak jantzita kalera ateratzeko deia egin du Mundakako Udalak.