Eskarmentu handiko jokalari honen fitxaketa jakitera eman berri du klubak. 34 urte ditu eta Ameriketako Estatu Batuetako taldeetan ez ezik, Europako hainbat taldeetan ere aritu da. Besteak beste, Poloniako ligan pibot onenetarikoa izan da azken urteetan.
Erreboterako sen handia du, erdi-distantziatik jaurtiketa onak egiten abila da eta kantxan azkarra. Mario Lopez Gernika Bizkaiaren entrenatzailearen berbetan, horrelako “talentua” duen jokalaria taldean egotea “ohorea” da: “Jokalari osoa da eta jokoan gure erreferentzia nagusietako bat izango da. Esperientziadun jokalaria da. Paseetarako gaitasun itzela dauka eta baita jokoaren ezagutza eta erreboteetan indarra ere. Taldea osatzeko bila genbiltzan jokalariaren baldintza guztiak betetzen ditu”.
Laquinta Jefferson. Argazkia: Gernika Bizkaia.
Gernika-Lumoko klubak egindako azken bi fitxaketak amerikarrak dira. Carterren aurretik, Laquinta Jefferson
Mamba beltza jokalaria fitxatu zuen uztailaren amaieran. Kobe Bryant jokalari mitikoaren antzeko jokoa duelako dauka ezizen hori.
Profesional moduan debutatuko du talde gernikarragaz, eta Lopezen berbetan “talentu handiko” jokalaria da.
Hirugarren denboraldia
Emakumezkoen Ligan hirugarren denboraldia betetzeko taldea osatuta dauka Lopez entrenatzaileak. Sei euskal jokalarik jokatuko dute (horietatik lau dira bizkaitarrak), eta kanpotik etorritako bost jokalari izango dira.
Hain zuzen ere, Izaskun Garciak, Maria Asurmendik eta Itziar Ariztimuñok antolatzaile postuan jokatuko dute, Naiara Diez, Maria Pina, Gracia Alonso eta Laquinta Jefferson hegaleko postuetan ariko dira, eta Yaiza Lazaro, Victoria Llorente, Sandra Pircis eta Amisha Carter pibot lanetan.
Klubeko ordezkariek adierazi dute talde bikaina osatu dutela, eta 2016-2017 denboraldian aurreko denboraldietako emaitzak hobetzen saiatuko direla. Irailaren 28an ekingo dio taldeak denboraldi berriari etxetik kanpo. C.B Al-Qazeres kontra jokatuko dute lehen jardunaldia Caceresen (Extremadura, Espainia).
Etxeko lehen partida urriko lehen asteburuan jokatuko dute Araski talde gasteiztarraren kontra.