Eraso sexistak, sexu erasoak, indarkeria matxista… Eguneroko lana Gernika-Lumoko jaietan indartzeko beharra ikusi du Asunek talde feministak. Hori dela eta,
erasoen aurrean jarduteko protokoloa aktibatuko dute Gernikako Andra Mari eta San Roke festetan.
Joan den urtean ere planteamendu berezi bat egin eta martxan jarri zuten.
Horretarako, erasoen aurrean nola jokatu azaldu zieten jaietan txosna jarri zuten elkarte eta taldeei. Aurten, baina, harago joan nahi du Gernikako Asunek talde feministak. «Gure diskurtsoa erantzun soila baino harago doa. Planteatzen duguna ez da bakarrik ezein erasoren aurrean erantzuna bermatuko duen protokoloa», diote. Azaldu dutenez, «autodefentsa feministaren apologia» egitearen beharra ere agerian utzi nahi dute. «Emakumeok ere jaiak disfrutatu ditzakegu beste edozein pertsonak bezala, aske izaten». Asunek taldeak dio hori gaur egun ez dela bermatzen; horregatik, prebentzio gune libre bat eratuko dute.
Emakumeok ere jaiak disfrutatu ditzakegu beste edozein pertsonak bezala, aske izaten”
2016ko Andra Mari eta San Roke jaietan, beraz, protokolo hori kontuan hartu eta, behar izanez gero, aktibatzeko eskatuko diete txosnagunean lanean ari direnei eta eta Juan Calzada kaleko tabernariei. «Iaz ere martxan jarri genuen protokoloa, eta esperientzia hartatik zenbait hutsune identifikatu ditugu» -diote-; «horregatik, aurten beste planetamendu bat egin dugu». Erasoen aurkako protokoloa landuagoa dakar Asunek talde feministak. «Iazkoak eraosen aurrean eman beharreko erantzunari ematen zion garrantzia, eta ez genuen hainbeste landu aurten proposatzen dugun gune askeak nolakoa izan behar zuen», azaldu dute.
Txosnagunea eta Juan Calzada izango dira aurten gune askeak, eta horretarako lanketa egin dute. «Ez dugu gehiagora hetzeko gaitasunik. Beraz, aurten bi horiekin harremanetan jarri eta batzarrak egin ditugu. Hurrengo urteetan herrira zabaltzea da asmoa».
Oso anbiziotsua da hasiera batetik Gernika osoa gune librea izatea. Hori litzateke ideala”
Jaietan jende eta gazte gehien biltzen dituen guneak dira bi horiek, gaueko ordu txikietan. Kontziente dira erosoak edozein leku edo ordutan eman daitezkeela, «eta emanez gero ere berdin jokatuko dugu, protokoloari jarraituz». Hala ere, aurten gune aske hori bermatzea dute helburu. «Apurka-apurka joan nahi dugu. Izan ere, oso anbiziotsua da hasiera batetik Gernika osoa gune librea izatea. Hori litzateke ideala», azaldu dute.
Telefono zenbakia
Erasoen aurkako protokoloa hainbat arlo ditu. Lanketa minimoa da zatietako bat, eta herri osora zabalduko dute. «Gernika osoan ez da eraso sexistarik onartuko, eta erantzuna beti emango da», diote. Kartelak jarriko dituzte herrian, protokoloa zertan datzan zabalduko dute whatsapp bidez, jaietako liburuxkan agertzeko ere eskatu dute… Azken finean, asmoa da herritar denek izan dezatela protokoloaren berri.
Bestalde, telefono zenbkai bat jarriko dute herritarren eskura (688-677 064), eta egunero gutxienez bost pertsnak osatuko duten lantaldea egongo da lanean. «Zerbait gertatzekotan protokoloa aktibatu, batzartu eta zein erantzun eman behar den erabakiko dugu», azaldu dute.
Era berean, protokolo landuagoa ere badute, beste maila batean zabaltzeko. Txosna eta tabenrekin egingo dute lanketa berezi hori: erasoak identifikatzeko pautak eman, erasoa ematen denean zer egin, nola jokatu… «Gure ahalmenaren arabera, aurten gune horietara heltzeko gaitasuna dugu, baina herriko beste ezein tabernari eta elkarteren batek protokolo landu horren berri izan nahi badu gurekin harremanetan jar daitezke», adierazi du Asunek taldeak.
Gernika osoan ez da eraso sexistarik onartuko, eta erantzuna beti emango da”
Babesa
Gurutze Gorriarekin eta ospitalearekin ere harremanetan izan dira, eta erasoren bat emango balitz nola jokatu zehaztu dute. Kasuren bat emanez gero, gainera, Asunek taldeko kideak prest dira biktima Ertzaintzarengana edota ospitalera laguntzeko; beti ere, biktimak hala eskatuko balu. Izan ere, berebiziko garrantzia ematen diote erasotua izan den pertsonari arreta emateari eta bakarrik ez izteari. «Herritarrei eskatu gura diegu erasoren bat ikusi edo identifikatzen badute erasotzailea identifikatzen saiatzeko, eta, batez edre, biktima babesteko», azaldu dute.
Erasoak zer diren azaltzea ere garrantzitsua dela uste dute. «Bortxaketa ez den eraso mota asko daude: irainak, ukituak, gustukoak ez diren piropoak…». Asunek dio holakorik ere ez dutela onartuko, eta autodefentsarekin erantzuna ematera dei egin dute.