Andra Mari eta San Roke festen aurretik,
San Lorentzo jaiak ospatzen dituzte gernikarrek,
Lurgorri auzoan.
Abuztuaren 10ean eta 11n, jai giroa sortzeko egitaraua dakar aurten ere Lurgorriko Jai Batzordeak, auzoko kultur elkartearen laguntzagaz.
San Lorentzo egunean emango diete hasiera festei; 09:30ean botako dute txupina. Ostean, urterik urte harrera ona izaten duen lagunarteko mendi martxari emango diote hasiera. Jai batzordeak nagusi zein umeentzako ibilbidea prestatu du, eta parte hartzaile denentzako luntxa jarriko dute amaieran.
Elai-Alaik ohiturazko Erregelak eta dantzak egingo ditu 13:00etan hasita, eta herri bazkaria eta mus txapelketak egin ostean, arratsaldeak aurtengo berrikuntzetako bat ekarriko du: Bilboko Zirkozaurre konpainiak Funes van zirku ikuskizuna eskainiko du 18:00etan, ume zein gazteentzat; akrobazioa, malabare eta hankapalo artean ariko dira ordubete inguruan. Ikusi eta ikasi ere egin ahalko da; ikuskizuna hasi baino ordu erdi lehenago zirku tailerra emango dute.Bertsolarien saioak agurtuko du San Lorentzo eguna. Saio jendetsua izan ohi da: Zihara Enbeitaren esanetara, Igor Elortza, Onintza Enbeita, Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi ariko dira bertsotan, 22:00etan hasita.San Lorentzotxun ere festaAbuztuaren 11k San Lorentzotxu eguna ekarriko du. Tortilla txapelketaren bueltan hasiko da, eta parte hartu nahi dutenek 12:00ak arte eman ahalko dute izena; 13:00etarako egin beharko dute tortillen aurkezpena; eta ez dira askorik zain egon beharko epaimahaikideen erabakia jakiteko: sari banaketa 14:00etan izango da. Lurgorriko Jai Batzordeko kideek esan dutenez, arrakastatsua izan oi da txapelketa, jendetsua; iaz 50 kuadrilla inguruk hartu zuten parte.Eta ekintzarik ekintza, bazkalosterako utzi dute eguneko berrikuntza. Adin tarte horrentzat dagoen hutsunea ikusirik, Lurgorriko Jai Batzordeak gazteentzako eskaintza handitu nahi izan du. «Hutsune bat egoten zen gazteentzat; ume eta helduentzat egoten dira aukerak, eta horregatik indartu nahi izan dugu falta zen adin tartea». Gazteentzat erakargarri Lurgorri Skate antolatu dute horretarako, Luciano Soria ekintzailearen laguntzagaz. Skatean ibiltzen ikasteko hiru bat orduko tailerra emango du Rueditas elkarteak «Adinik ez dago skate tailerrean aritzeko; eskatzen den gauz bakarra aurretik eskulekudun patinete edo skate batean ibilita egotea da», azaldu dute jai batzordeko kideek.Parte hartzaileek bi monitore izango dituzte eskura; eta arlanpa batean egingo dituzte praktikak; slalom bat ere egingo dute. «Dakitenek praktikatzeko eta ez dakitenek ikasteko aukera edukiko dute. Gazteentzat ekintza aproposa da». Txikienek ere ez dute geldirik egoteko tarterik izango: puzgarriak lehenego eta buruhandien aurrean korrikan ibiltzeko momentua izango dute ondoren. Txokolate janean bilduko dira amaieran. Gaua musikaz girotuta ailegatuko da: The Uski’s eta Esne Beltza igoko dira agertokira. Tximeleta taldearen erromerian joango dira ordu txikiak. «Oso giro polita egoten da kontzertuetan. Iaz, 10.000 lagun inguru bildu ziren Gatibu ikusten. Aurten ere etortzera gonbidatzen ditugu».