Gaur jokatu dute, Bermeon, Txiki Txef lehiaketaren finala. Berazel elkarteak antolatuta, joan den zapatuan sailkatu ziren hamar sukaldari txikiek beren platerak prestatu dituzte gaur goizean. Bermeoko merkatuan erosketak egin, eta su artean jakiak prestatzen hasi dira.
4 urtetik 11 urtera bitarteko ume eta gazteak izan dira gaurko finalean, eta maila oso altu utzi dutela aipatu dute epaimahaikideek. Xabier Bilbao izan da hiruetako bat eta, azaldu duenez, egin dituzten plater guztiak puntuatzea zaila izan dute. “Maila oso goian utzi dute datorren urterako”, aipatu du.
Bermeoko umeak izan dira, gehienbat, gaurko finalean egon direnak; baina Bilbotik eta Munitibarretik heldutako parte hartzaile bana ere izan direla aipatu du Bilbaok, eta hurrengo ediziorako pertsona gehiago animatzea espero du.
24 ume izan ziren joan den zapatuan Txiki Txef lehiaketaren hautaketan. Horietatik, hamar sailkatu ziren gaurko finalerako: Gorane Martin, Mikel Sarrionandia, Mikel Zabaleta, Iban Iriarte, Azahara Haf, Julen Barturen, Ilargi Uriagereka, Paula Laia, Eider Ortuzar eta Nora Laia. Denen artean, platerik gozoena prestatu du Paula Laiak. Hain zuzen, basafruituen saltsarekin lagundutako solomilloa aurkeztu du Laiak. Zaporean ondo egon dela, eta okela punttuan egin duela azaldu du Bilbaok. Irabazterik ez zuela esapero esan du Laiak, baina, aitortu duenez, gaur aurkeztu duen platera egiteko etxean prestaketa lanak egin ditu. Pozik dago emaitzarekin.
Azpitxapeldun sailkatu da Iban Iriarte, eta hirugarren Azahara Haf.
Bermeoko Berazel elkarteak antolatu du Txiki Txef lehiaketa. Elkarteko arduradun Ainhoa Maguregik esan duenez, herriko jendea plazara joatearen ohitura hartzea da beraien asmoa. Horretarako, hainbat ekimen antolatzen dituzte; Txiki Txef lehiaketa, kasurako. Merkatua “topagune” bihurtzea ere badute asmo, herriko produktuak sustatzeagaz eta betiko sukaldea zabaltzeagaz batera. Horretarako lagungarri izan dute Txiki Txef lehiaketa, eta izan duen erantzunagaz pozik daudela esan du.