Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saileko diputatu Elena Unzuetak azalpenak eman ditu gaur, Batzar Nagusietan. Esan duenez, Busturialdeko Ur Partzuergoko zuzendaritzak zerbitzuen eta instalazioen kudeaketa publikoa egin zuenean txostenik ez zuen aurkeztu, eta, hain zuzen, hori izan zela Aldundiak kontrako botoa ematearen arrazoia. Bere agerraldian Unzuetak azpimarratu du Partzuergoak hondakin uren araztegien (HUA) kudeaketa integralari eta instalazio guztien –HUA eta EUTE (edateko uraren tratamendurako estazioak) guztiak barne– mantenuari ekiteko ebazpena beharrezkoak diren txosten teknikoak, juridikoak eta ekonomikoak egin gabe aurkeztu zuela kontseiluan. “Aldundiak kontrako botoa eman zuen orduan EH Bildu taldearen eskuetan zegoen lehendakaritzak proposamen horiek zerbitzua barneratzearen premiaren arrazoiak era egokian arrazoitzen zituen txostena eman gabe aurkeztu zituelako; halaber, ikuspegi teknikotik, ez zuelako justifikatu Partzuergoak zerbitzu horiek era barneratuan emateko duen gaitasun teknikoa; ez zuelako zerbitzua ematen ari zen enpresaren kontratua hutsaldu ondoren pertsonal berriaren kontratazioari ekiteko aukera bermatzen zuen txosten juridikorik aurkeztu, eta ez zuelako proposamen horien kostu ekonomikoa aurkeztu”, azaldu du foru diputatuak.
Aquarbeko langileek 2013an egin zuten protesta
2013. urtean hartu zuen Ur partzuergoak saneamendu azpiegituren
kudeaketa beregain hartzeko erabakia. Partzuergoko presidentea zen Iratxe Arriolak esan zuenez, langileen egoera kontuan zutela hartu zuten erabakia, baina lanpostu publikoak betetzeko aukeraketa prozesu publiko bidez egin behar zutela. “Esperientziak eta azterketa praktikoek puntu asko emango dituzte, baina beharginek esfortzu txiki bat egin beharko dute: aukera berdintasunean lan poltsa publikoan parte hartu beharko dute”, azpimarratu zuen.
Hala ere, Bizkaiko Batzar Nagusietan Elena Unzuetak gaur esan du zerbitzu horiek barneratzea erabaki zutenean zerbitzuak ematen zituen enpresak langileen subrogazioa eskatu zuela, baina Partzuergoak ezetsi egin zuela eskabide hori. Diputatuaren esanetan, erabaki horren ondorioz kaleratze kolektiboa egin zuen enpresak, eta ELA sindikatuak enpresaren erabaki hori errekurritu zuen. Partzuergoko zuzendaritzak esan zuenez, erakundeak ez zuen kontraturik langile horiekin, eta, horrenbestez, Partzuergoak ez du inor kaleratu.
Aldundiaren arrazoiak
ELAk jarritako demandaren harira eman zuen EAEko Auzitegi Nagusiak Partzuergoaren kontrako epaia, apirilean. Partzuergoak azpikontratatutako Aquarbeko enpresako 17 langilek sufritu zuten kaleratze kolektiboa “zuzenbidekoa ez dela” zioen Auzitegian emandako sententziak, eta “Partzuergoaren interesen kontrako” epai horri helegiterik ez jartzea
kritikatu zuen Busturialdeko EH Bilduk.
Epaia ezagutu ondoren Busturialdeko Ur Partzuergoaren Kontseiluak horren aurkako kasazio-helegitea aurkezteko aukera aztertu zuela esan du gaur Elena Unzuetak, baina ez aurkeztea erabaki zuela. Horren arrazoiak ere amn ditu foru diputuatuak: “Lehenengo eta behin, errekurtsoak aurrera egingo zuelaren segurtasun juridikorik ez zegoelako. Bagenekien Lan-Arloko Salak prozesuan zehar honen antzeko ezaugarriak zituen beste kasu bat aztertu zuela, eta Europa mailako instantzia judizialen beste ebazpen batek subrogatzearen obligazioa dekretatu zuela”. Aurrekari juridiko horiekin errekurtsoa aurkezteak aurrera egiteko oso aukera gutxi zuketela erabaki zuen Partzuergoko exekutibak. Horrez gain, erabakia langileen “ziurgabetasun egoera” ez luzatzearen aldekoa izan zela esan du Unzuetak, baita gatazka judizializatuta mantentzearen kostu ekonomikoa ez handitzeko eta prozedura judiziala luzatuz gero langilearen aldeko kalteordainak gehitu zitezkeelako.
Auzi horren harira, Partzuergoko
langileek ere bere kezka agertu dute. EAEko Auzitegi?Nagusiak emandako epaia onartuz gero, subrogaziorako bidea zabaldu daitekeela uste dute, eta beraien lanpostuak kolokan egon daitezkeela. Hori dela eta, ELA eta LAB sindikatuaren ordezkariek gaur egungo langileen lanpostuak babesteko eskatu diote Busturialdeko Ur Partzuergoko zuzendaritzari.