Gure Esku Dago-k, Apirilaren 30ean erabakitzeko eskubidearen alde egin zuen
adierazpena plazaratzeko jaia egin dute gaur Bermeon. Beste hainbat herrik hartu duten
bideari jarraituz, Lameran egin dute
Eskura planean adostutako adierazpena zabaltzeko jaia.
Ekitaldiaren bukaeran bozketa sinbolikoa egin dute bertaratutakoek
12:00etan hasi da jaia Lameran, eta haurrak jolasetan ibili diren bitartean, hautestontzi erraldoi bat egin dute oihalekin, Gathom rap abeslariaren kanten erritmora. 13:00etan berriz, hainbat herritarrek bateratzea egin dute Goiko Plazan, eta Kankinkabara txistulari taldearen laguntzarekin bajatu dira Lamerara.
Bertan, harrera egin diete txalaparta, ohorezko aurreskua, adar-jotzaile eta bertsoekin. Ondoren,
Ana Tere Bengoetxeak adierazpena irakurri du, “Bermeon landutako eta adostutako adierazpenaren jaia”, aldarrikatuz. Herri moduan, erabakitzeko eskubidearen alde egindako adierazpen honek, herritar guztien indarrak metatzea helburu daukala adierazi eta parte hartzera deitu ditu bermeotar guztiak.
Bermeoko GED-k joan den apirilaren 30ean adostu zuen adierazpena:
Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea daukagu. Bermeoko herritarrok gure erabakitzeko eskubidea gauzatu gura dogu. Gizarte justoagoa lortzeko, elkarbizitza indartzeko, era parte-hartzailean gure herriaren prozesu demokratikoa eta askatzailean aurrera egiteko. Herriaren sasoia da. Jende anitza herri libre batean.
Jaia bukatzeko, bertaratu diren adin guztietako bermeotarrek
bozketa sinbolikoa egin dute, txalaparta doinu eta irrintzien artean.
Otsailean agertu zuen Bermeoko Gure Esku Dago-k, 2017ko apirilean
galdeketa egiteko asmoa, 2018an Euskal Herria mailakoa egin aurretik. Eskura egitasmoa martxan jarri, eta hiru fasetan egitea erabaki zuten: Adierazpena, ituna eta galdeketa. Ituna udazkenean egiteko asmoa adierazi dute, eta galdeketarako berriz, batzordea sortuko dutela adierazi zuten.