Ziortza-Bolibar Uemako kide izatea onartuko dute zapatuan
Uemak Batzar Nagusian bozkatuko du udalaren eskaera, Legorretaren eta Dimaren eskariekin batera. Udalerri Euskaldunen eguna ospatuko duteZiortza-Bolibar Uemako kide izatea onartuko dute zapatuan. Hain zuzen ere, Udalerri Euskaldunen egunaren barruan e...
Uemak Batzar Nagusian bozkatuko du udalaren eskaera, Legorretaren eta Dimaren eskariekin batera. Udalerri Euskaldunen eguna ospatuko dute
Ziortza-Bolibar Uemako kide izatea onartuko dute zapatuan. Hain zuzen ere, Udalerri Euskaldunen egunaren barruan egingo dute zapatu goizean Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen Batzar Nagusia, Leitzako udaletxean. Bertan, Uema osatzen duten udalerrietako ordezkariek Ziortza-Bolibarko udalak egindako eskaera bozkatuko dute.Hain zuzen ere, apirilaren 18ko Ziortza-Bolibarko udalaren Osoko Bilkuran egin zuten Ueman sartu ala ez erabakitzeko bozketa. Agintean den EH Bilduko lau ordezkariek Ueman sartzearen aldeko botoa eman zuten, EAJ-ko hiru zinegotziak, ostera, abstenitu egin ziren. 434 biztanle ditu gaur egun Ziortza-Bolibarrek, eta horietatik %90a da euskalduna.
Era berean, Legorretako udalak eta Dimako udalak egindako eskaerak ere bozkatuko dute.
Hiru udalerri horien eskaerak onartzean, 76 udalerri izango dira Uemako kide.
Egun osoko jaia
Zapatuan Leitzan (Nafarroa) ospatuko dute Udalerri Euskaldunen Eguna. Hala, erakundeak betetzen duen mende laurdena ospatuko dute, 25 urte Euskara hauspotzen lemapean.
Uemako kide diren udalerriekin ez ezik, Euskal Herri osoko udalerri euskaldunen parte-hartzearekin ospatuko dute eguna.
Uemako ordezkarien, Leitzako Udalaren eta herriko zenbait elkarte eta kultur eragileren artean egun osorako hainbat ekitaldi antolatu dituzte, adin eta gustu guztietarako eskaintza, eta jai eguna osatzeko asmoagaz.
Besteak beste, herri arteko herri kirolak, bazkari herrikoia, kantaldia, aurrentzako ikuskizuna, elektrotxaranga, eta kontzertuak egongo dira, eta egun osoan kale animazioa edukiko dute.
Ekitaldi instituzionalean, udalerri euskaldunek duten garrantzia nabarmenduko dute, eta baita azken 25 urteotan euskararen normalizazioari egin dioten ekarpena ere. Erakunde publikoetako, euskalgintzako zein beste hainbat alorretako ordezkaritza ere izango da bertan.
Autobusa
Busturialdeko, Mutrikuko eta Lea-Artibaiko herritarrak ere Leitzan egongo dira. Esaterako, Aulestitik eta Munitibarretik autobusa antolatu dute. 09:00ak inguruan abiatuko dira, eta Leitzan 20:00etan irtengo dira.