Hondartzen erabilera araudia onartu du udalak
Mendexak orain arte ez du izan erabilera arautzeko ordenantzarik, eta beraz, sortu eta onartu behar izan dute. Erabilera orokor eta bereziak zehazten dituMendexako udalak hondartzen erabilera arautzeko Udal Ordenantza sortu eta onartu du.Orain arte hal...
Mendexak orain arte ez du izan erabilera arautzeko ordenantzarik, eta beraz, sortu eta onartu behar izan dute. Erabilera orokor eta bereziak zehazten ditu
Mendexako udalak hondartzen erabilera arautzeko Udal Ordenantza sortu eta onartu du.Orain arte halako araudirik ez da egon udalerrian, eta onartutako araudiarekin Karraspio eta Karraspio Txiki hondartzen erabiltzaileek zentzuzko erabilera egin, eta erabiltzaile guztien bizikidetza zein ingurumenarekiko errespetua bermatzeko.
Hala, Udal Ordenantza honen bidez, kostaldeei buruzko legediak Mendexako udalari ematen dizkion eskumenak arautzen ditu, beti ere, udalerriko hondartzak baldintzarik onenetan mantentzeko helburuagaz.
Araudi berri onekin, hondartzen erabilera publikoa bermatu nahi dute, erabilera orokor eta bereziak arautuz, eta baita haren segurtasun eta kontzerbatze egokia ere.
Araudiak hondartzak definitzen, eta zaintza eta sorospen zerbitzuak, garbiketa eta bainu-baldintzak arautzen ditu. Horrekin batera, urtaroen arabera hondartzan egiten diren kirol jarduerak eta arrantza arautzen ditu, eta kanpadenda, oihal-etxola edota eguzkitakoen erabilera ere zehazten du.
Zaintza zerbitzuari dagokionez, ekainaren 1etik irailaren 30era egongo da martxan.
Kirol jarduerak
Bestalde, kirol ekintza gehienak baimentzen dira, baina, beti ere pertsonentzat arriskurik edo arazorik sortzen ez badute eta bainurako mugatutako guneen sarbideetan trabarik egiten ez badute.
Udako denboraldian, itsasbeheran, hondarrean kirola (futbola, pilota, pala..) egin ahalko da, baina, itsasgora denean, horiek egitea debekatuta egongo da.
Hala ere, golfa, xabalina edo bestelako jaurtiketa-jarduerak egitea guztiz debekatzen da, eta baita trakzio mekanikodun ekintzak eta soka, kate zein bestelako amarratzeagaz egiten diren jarduerak ere.
Aireko kirol jarduerei dagokienez, udako denboraldian ezingo da parapentean, paraxutean eta kometekin ibili. Eta urte osoan debekatuta dago motordun parapentean aritzea.
Era berean, udako denboraldian bainulariengandik 20 metroko gutxieneko distantzia mantenduz egin beharko dira uretako jarduerak. Gainera, udan 21:30etatik 08:30era arrantzatu ahalko da, eta urpeko arrantza egiteko marea lerrotik 200 metro baino gehiagoko distantzia uztea beharrezkoa da.
Besteak beste, kanpalekuak jartzea eta sua piztea ere debekatuta daudela zehazten du araudiak.
Animaliei dagokienez, ekainaren 1etik irailaren 30a bitartean ezingo da animalirik eraman hondartzetara.
Gainera, arau-hausteak ere zerrendatu dituzte. Hiru arau-haste mota bereizten dira: arina, larria eta oso larria. Arau haustearen arabera, 120 eta 450 euro arteko isunak zehazten dira araudian.
Halaber, udalak hondartzetan ekitaldiak antolatu ahal izateko guneak mugatzeko eskubidea duela zehazten da ordenantzan.
Era berean, herritarrek hondartzetan aldi baterako aparteko ekintzak, instalazioak zein bestelako jarduerak egiteko udalaren administrazioaren baimena lortu beharko dute.