Andaluziatik heldutako bi etorkinen kontuan taularatuko dituzte gaur, Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan.
Declaracion de Guillermo antzezlanak 1960ko hamarkadan Cordobako Rute herritik Bilbotik gertuko lantegi batera lan egitera heldutako Guillermo eta Peperen istorioa kontatuko du.
Bernardo Atxagaren Declaracion de Guillermo eleberrian oinarrituta, Jose Kruz Gurrutxaga aktoreak egin du testuaren antzerkirako egokitzapena, «egokitzapen txiki batzuk eginda», eta Susana Soleto da lanaren zuzendaria. Aipagarriak dira, baita ere, Fran Lasuen egileak musikari dagokionez egindako lana eta Charo Martinezen jantziak. Azken honek, gainera, atrezzoa ere diseinatu du.
Istorioa
Declaración de Guillermo izeneko obra garai eta leku zehatzetan kokatzen da; hala ere, laneko bizipenak zein bertan azalerazten diren sentimenduak edozein une historikoan zein tokitan gerta litezke. Azken finean, ilusioa, toki berriak, badaezpadako etorkizuna eta oroitzapenez beteriko maleta bat irudikatzea du helburu antzezlanak; iraganetik heldu dena etorkizun berri bat eraiki beharra duela, eta atzean utzi maitasuna, etxekoak eta sorterria.
Protagonista biak bide hori egin beharko dute, ezagutzen ez duten etorkizun bat eraiki nahian, eta etorkizun horretan aurkituko dituzte esperientzia berriak eta bide-bukaera bana. Ikusleak, aldiz, batere espero ez duen amaiera bat biziko du.
Gazteleraz
Bilboko Arriaga antzokian estreinatu zuten obra, 2015eko urriaren 27an, eta, otsailean hasi zuten bira. Hainbat herritako antzokitan izan ostean, Nestor Basterretxea aretora helduko dira gaur. 21:00ean hasiko da antzezlana.?Bermeoko Udalak antolatu du, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa du.
Guillermo eta Peperen istorioan, bizipenetan eta egunerokotsunean murgilduko dira ikusleak gaurko antzerki obra horrekin. Gazteleraz antzeztuko dute, obra bera gaztelaniaz idatzi baitute, «ezinbestean». Obraren testuaren egile Jose Kruz Gurrutxagak berak esan bezala, obra ikustera doanak berehala ulertuko du zergatik dioen ezinbestean gazteleraz behar zuela izan. Izan ere, Gurrutxagak berak Guillermoren begietatik kontatzen du istorioa
Declaración de Guillermo antzezlanean.