Umeei zuzendutako XXII.
ipuin lehiaketa antolatu du Gautegiz Arteagako Udalak. Hain zuzen, herriko txikienen artean euskara, literaturarekiko zaletasuna eta kreatibitatea bultzatu gura ditu udalak ipuin lehiaketaren bidez.
6 eta 12 urte bitarteko umeei zuzenduta dago lehiaketa
Gautegiz Arteagako alkate Juan Felix Naberanek azaldu duenez, «Udaletxetik geure bizilagun gazteei irudimenagaz jolasean aritzeko gonbidapena luzatu gura diegu, istoriak sortzeagaz eta euskaraz idatzi eta irakurtzeagaz gozatzeko. Beraien ekarpenak ezinbestekoak dira geure kultura mantentzeko eta horri eusteko zimenduak eraikitzeko».
Hiru kategoria
Lehiaketa
6 eta 12 urte bitarteko umeei dago zuzenduta. Gautegiz Arteagako neska-mutilek
martxoaren 21a bitartean aurkeztu ditzakete lanak. Horretarako, Aretxederreta Kultur Etxera jo beharko dute, 17:00etatik 20:30era. Halaber, Montorre eskolan ere aurkeztu daitezke ipuinak.
Hiru kategoriatan banandu du udalak. Lehenengoan 6 eta 7 urteko umeek parte hartu ahal izango dute. Horiek, orrialde bat aurkeztu beharko dute, argazkia barne. Bigarren kategoria 8 eta 9 urteko umeei zuzenduta dago. Adin tarte horretakoek gehienez bi orrialde aurkeztu beharko dituzte, marrazkia barne.
Hirugarren kategoriak, azkenik, 10 eta 12 adin tartean dauden umeen lanak bilduko ditu. Horien kasuan, lanok bi orrialde izan beharko dituzte, marrazkiarekin. Bigarren eta hirugarren kategoriakoek lanak ordenagailuz eginda ere aurkeztu ahal izango dituzte, nahi izanez gero.
Sariak, apirilaren 8an
Lehiaketan kreatibitatea, sormena eta aurkezpena baloratuko ditu epaimahaiak. Gaia librea izango da, eta testuak euskaraz idatzi beharko dira.
Ipuinak gutunazal handi eta itxi batean aurkeztu beharko dira, eta horretan egilearen adina eta ipuinaren izenburua zehaztu beharko dira. Barruan, gutunazal itxi batean, ipuinaren izenburuarekin batera egilearen datuak jarri beharko dira: izen-abizenak, adina, helbidea eta telefonoa.
Kategoria bakoitzean irabazleari saria emango diotela jakinarazi du udalak, eta sari banaketa
apirilaren 8an egingo dute, 17:00etan, Aretxederreta Kultur Etxean.