Gernikesa elkarteak eta Ereñoko Gerendape Kirol Klubak antolatuta, martxoaren 12an jokatuko da Ereñoko IV. master saria, 15:00etan. Antolatzaileek esan dutenez, zabaldu dute izena emateko epea. Parte hartu nahi duten txirrindulariek
www.kirolprobak.com webgunearen bidez egin beharko dute inskripzioa, eta 15 euro ordaindu. Gehienez 200 txirrindulari onartuko dituzte.
Duela bi urteko podiuma
Urtero legez, Ereñon hasi eta amaituko da lasterketa. Guztira, parte hartzaileek 86,5 kilometro egin beharko dituzte txirrindu gainean. Ibilbidean zehar, Muruetaganetik, Gautegiz Arteagatik, Kanala auzotik, Laida eta Laga hondartzetatik, Ibarrangelutik, Kortezubitik, Belendiz auzotik, Nabarniztik, Gabika auzotik, Ispastertik eta Eatik igaroko dira.
Lasterketa hori baino astebete arinago ere txirrindularitza izango da Ereñon protagonista, afizionatuen XIII. Ereñoko Udala Sari nagusia jokatuko baita martxoaren 5ean. 10:30ean hasiko da proba, eta, betiko legez, Lehendakari Txapelketarako puntuagarria izango da.