40 gazte inguru batu dira gaur Gernika-Lumoko Astra kulturarako fabrika sozialean,
Geu lelopean antolatutako Busturialdeko Gazte Topaketan. Eskualdeko gazteek elkar ezagutzea eta komuneko lan dinamiken berri izatea dute helburu, eta, zeregin horretan, goizetik arratsaldera arteko jarduerak egingo dituzte.
Gazteak dokumentalaren proiekzioan
Aurkezpen txiki baten ostean,
Gure kabuz ala hil dokumentalaren proiekzioagaz hasi dituzte topaketak. Gazteak, prekarietatea, frustrazioa, etsipena, konformismoa… hainbat gai jorratzen ditu dokumentalak, eta horiez guztiez eztabaidatzeko tartea hartu dute Astran bildutakoek. Xabier Ojinaga topaketen antolatzaileetako batek azaldu duenez, “alternatibak” bilatzen ahalegindu dira eztabaidan. Ostean, jokoak egin dituzte, “elkar ezagutzeko eta lotsak kentzeko” helburuagaz.
Komunikazio tailerra egin dute ondoren. Besteak beste, bideogintzan trebatzen aritu dira, gazteen iritziz, herri mugimenduan dabiltzanentzat gisa horretakoak “funtsezko tresna” direlako.
Bestalde, bazkalostean feminismoaz ariko dira eskualdeko gazteak,
Pantojismo eta maskulinitatea izeneko tailerraren bidez. 17:00etan, aldiz, asanblea egingo dute.
Topaketen helburu nagusia gazteek elkar ezagutzea da, batik bat. Ojinagaren esanetan, gazte mugimenduarekin inplikatutakoak gutxi dira Bermeon. Hausnarketa hori beste leku batzuetan ere egin dutela dio bermeotarrak, “baina ez dugu elkar ezagutzen, eta horrek ez du zentzurik”. Haren arabera, “inguru txikian jende asko gara antzeko gauzak egiten ditugunak; jai herrikoiak antolatzetik edozein tailer egitera. Hala ere, bai batzuek zein besteek egiten dugun lanaren berri ez dugu, eta hori konpontzea da asmoa”.
Ane Ramos arratzuarrak dioenez, gazte topaketek komuneko gauzak aurkitu eta elkarrekin zer edo zer antolatzeko balio dezakete. “Gernika-Lumoko Gazte Asanbladak mugitzen du jendea. Hala ere, ohartu gara inguruko herrietako jendea bistaz baino ez dugula ezagutzen, eta ez dugula elkarrekin lan egiteko edo zerbait antolatzeko aukerarik. Beraz, saiakera bat egin nahiko genuke, eskualde mailan zerbait antolatzeko aukera ere badirelako gazte topaketak”.