Udalak ortu publiko gehiago jarriko ditu herritarren eskura
Barroetako ortuetara herritar gehiago hurreratzeko helburuagaz, ortu publikoen hirugarren fasea jarriko du martxan Markina-Xemeingo Udalak.Aurten emango diote hasiera hirugarren aldiari, eta interesatuta dauden herritar guztiek izango dute parte hartze...
Aurten emango diote hasiera hirugarren aldiari, eta interesatuta dauden herritar guztiek izango dute parte hartzeko aukera. Izena emateko baldintza bakarra Markina-Xemeinen erroldatuta egotea eta beste lursail propio edo publikorik ez edukitzea da.
Ortua izateko aukera lortzen duen herritarrak bost urtez edukiko du ortu hori erabiltzeko aukera. Baina ortuak norberak kontsumitzeko ortuariak ereiteko erabili ahal dira soilik. «Horregatik, debekatuta dago ortu horietako produktuak saltzea», azaldu du udalak.
Ortu bat edukitzeko interesa duten herritarrek martxoaren 4rako eman beharko dute izena, udaletxeko harreran.
Proiektu arrakastatsua
Markina-Xemeingo Udalak 2012 urtean ipini zuen martxan Barroetako ortu publikoen proiektua. Ortuak hainbat helburugaz jarri zituzten martxan: kalitatezko produktuak lortzeko, pertsonen arteko harremanak sendotzeko, elkarlana sustatzeko, auzolana bultzatzeko, herritarren aisirako, eta orokorrean, herritarren bizi kalitatea hobetzeko.
Egitasmoak hasieratik izan du herritarren onespena. Beraz, ortuek edukitako arrakasta ikusita, bigarren fasea jarri zuen martxan udalak. Eta hor ere arrakasta eduki ostean dator hirugarren fasea.