Urtarrilaren 20an egin zuen Txalo konpainiak
Heroiak obraren aurkezpena, Bilboko Arriaga antzokian, eta estreinaldia egin eta gutxira iritsiko da Gernika-Lumoko Lizeo Antzokira. Gerald Sybleyras idazle frantsesaren
Le vent des peupliers antzezlanean oinarritutako lana gaur taularatuko du antzerki taldeak, 20:30ean.
‘Heroiak’ antzezlana
Maribi Arrietak egin du frantsesetik itzulpena, eta Ramon Agirrek euskarazkoa. Begoña Bilbao Lejarzegi da obrako zuzendaria eta taula gainean eskarmentu handiko hiru aktore izango dira, antzezlaneko hiru protagonistei bizia emanez: Jose Ramon Soroiz, Kandido Uranga eta Ramon Agirre.
2016ko denboraldirako Txaloren ikuskizun aipagarrienetakoa izango da
Heroiak. Jatorrizko gidoiak, Gerald Sybleyras antzerki idazle frantsesak egindakoak, arrakasta handia izan zuen Frantzian, eta Moliere sarietan lau izendapen jaso zituen. Ingelesezko bertsioak ere sari esanguratsuak irabazi ditu. 2006an, esaterako, Laurence Olivier saria jaso zuen, komedia onenaren kategorian.
Gerrako hiru beterano
Gerrako beteranoentzako egoitza batean bizi diren hiru soldadu ohi dira antzezlaneko protagonistak. Rene errena da, Gustavek agorafobia dauka eta Fernandek zorabioak izaten ditu sarri, buruan duen metraila pusketaren erruz… Gerraren ajeak.
Osasunez makal badaude ere, egoitzatik ihes egitea pentsatzen dute hiru heroiek; nora joan argi izan barik, ordea. «Indotxinara? Aldameneko herrira? Edo haizeak lizarrak inarrosten dituen tontorrera?».
Barre eragiteko moduko istorio gizatiar eta dibertigarria Txalo konpainiak gaur proposatuko duena.
Sarrerak 12 euro balioko du, 9 euro bazkideen kasuan.