Basati Bikeren irudia
Gabonen harira eta komertzio txikia suspertzea helburu, Busturialdea-Urdaibaiko erakusleiho birtualen lehiaketa ipini zuen martxan Buy Urdaibai irabazi asmorik gabeko elkarteak duela zenbait aste. Behin Gabonak igarota, beraz, azken txanpan sartu da lehiaketa, domekan amaituko baita bataren zein bestearen aldeko botoa emateko epea.
Buy Urdaibain sartuta dauden zenbait enpresak aurkeztu dute bere burua lehiaketara, bakoitzak «saltzen duen produktua edo dagokion zerbitzuari lotuta dagoen argazki bat» aukeratuz, «baina Gabonetako ikutu bat emanez». Hala, elkartetik esan dutenez, «etxe bakoitzak bere aktibitatea nabarmentzeko erarik erakargarriena, orijinalena eta dibertigarriena aurkitu izan du».
Facebook bidez
Denen artean onena aukeratzea edozeinen esku egongo da, edonork parte har dezakeelako bozketan, baldintza batzuk betez gero. Batetik, Facebook sare sozialean Buy Urdaibaik duen orrira sartu beharko da, eta Atsegin dut egin. Lehiaketarako beren beregi sortutako argazki bildumara sartu, eta gustukoen duen irudia hautatu beharko da, iruzkin bat gehituta. Saria irabazi ahal izateko ezinbesteko baldintza da iruzkina egitea.
Irabazlearen izena urtarrilaren 11n emango dute jakitera.Eta saria ez da edozelakoa izango, Buy Urdaibaiko enpresetan gastatzeko 150 euroko txartela baitago jokoan. «Beraz, saria irabaziz gero, imajina ezazu zer nolako modu politean hasiko duzun urtea», esan dute.