Lanbide Hastapeneko sukaldariak menuak prestatzen, iaz
Bermeon erosketak egitea bultzatzeko, eta bereziki, herriko udal azoka sustatzeko, bertoko produktuen gabonetako III. azoka berezia antolatu du Bermeoko Udalak zapaturako. Hala, bertaratzen direnek baserriko eta itsasoko bertoko sasoiko produktuak dastatzeko eta erosteko aukera izango dute 30 saltoki ingurutan, 09:00etatik 15:00etara. Saltokiak merkatu barruan zein kanpoan egongo dira.
Bertoko produktuak dastatzeko eta erosteko aukera emateaz gain, Bermeoko Udalak eta azokako merkatariek elkarlanean, bestalde, egitarau zabala prestatu dute, gabonetako “giro polita” sortu guran.
Umeak ere udal azokara erakarri asmoz, haientzako tailerrak antolatu dituzte 11:00etatik 13:00etara. Aurten, gozoki osasungarriak egiten ariko dira bertaratzen diren umeak. Gainera, Olentzerok merkatua bisitatuko du aurten ere; 11:00etatik 14:00etara egongo da bertan. Umeen eskutitzak jasotzen ibiliko da ikazkina.
Bestalde, Gabonetako argiek, apiangarriek eta musikak Gabonetako azoka berezia girotzen lagunduko dute. 11:00etatik 12:30era, hain zuzen ere, Musika Eskolako haize eta soka taldeak bere musikagaz eta Erroxape Emakumeen Elkarteko abesbatzak bere abestiekin giroa alaitzen lagunduko dute.
Menu bereziak
Eta, zelan ez, aurreko urteetako egitarauari eutsita, eta horiek izaten duten arrakasta ikusita, Lanbide Hastapeneko sukaldariek ez dute hutsik egingo zapatuan. 12:30eatik aurrera, ikasleek sukaldaritza erakustaldiak egingo dituzte, eta Gabonetako menuak dastagai eta salgai ere jarriko dituzte, prezio murriztuetan. Postre bereziak egingo dituztela jakinarazi dute.