Hiesaren erabilera politikoaren aurka egingo dute Ondarroan
Hiesaren nazioarteko egunaren atarian hainbat ekimen egingo dira bihar eta etzi. Hiesa eta espetxeak ez direla bateraezinak aldarrikatuko dute biharko manifestazioanKitzikan, Iparra Galdu Baik eta #StopAIDS-ek deituta, Preso gaixoen askatasunaren alde,...
Hiesaren nazioarteko egunaren atarian hainbat ekimen egingo dira bihar eta etzi. Hiesa eta espetxeak ez direla bateraezinak aldarrikatuko dute biharko manifestazioan
Kitzikan, Iparra Galdu Baik eta #StopAIDS-ek deituta, Preso gaixoen askatasunaren alde, Hiesaren erabilera politikoaren aurka lelopean hainbat ekimen egingo dira bihar eta etzi Ondarroan. Funtsean, Ondarroan egingo diren ekintekin, Kitzikanek eta gainerako eragileek errealitate hori ezagutzera emango dute, salaketak eginez.Hain zuzen ere, Hiesaren nazioarteko egunaren atarian egingo dira ekimen horiek guztiak. Bihar arratsaldean, esaterako, Hiesa eta kartzela deritzon mahaingurua egingo da Kofradia Zaharrean. Gai horren inguruan sakontzen honakoak egongo dira: preso ohi bat, Salhaketa elkarteko kide bat, Transfeministak elkarteko kide bat eta Manuel Garrido Sotelo medikua.
Mahai inguruaren ostean, Zubi Barritik hasita, Hiesa+Kartzela=Heriotz zigorra lelopean hainbat aldarrikapen batuko dituen manifestazioa koloretsua egingo da Alamedaraino.
Bateraezinak
Kitzikanek salatu duenez, Hiesa eta espetxeak bateraezinak dira: «Hiesak gaixotu egiten du, espetxeek, aldiz, hil egiten dute». Eta Espainiako Gobernuak Hiesa «arma politiko eta ekonomiko» bezala erabiltzen duela diote. «Espetxeetan temati ari dira erabilera kriminal horretan, Ibon Iparragirre preso polikoaren aurka, esaterako». Gazte antolakundeak dioenez, administrazio publikoak Iparragirre zein egoeratan dagoen jakin badakien arren, «mendeku politika inposatzen ari dira haren aurka, justizia ezarpenak alboratuz». Bide horretatik, Espainiako Gobernuak, Iparragirreren «osasun baldintzak okerrera egiteko bere esku dagoen guztia» erabiltzen duela diote.
Halaber, gaur egun, espetxeetan eta herrialde txiroetan egiten den Hiesaren erabilera politikoaz gain, erabilera ekonomikoa ere «ukaezina» da gazte antolakundeko kideen iritziz. «Hiesaren kontrako botikak asmatzeko eta ekoizteko enpresa farmazeutikoek milioika euro jasotzen dituzte langileriaren soldatetatik. Baina enpresa horiek botiken gaineko patenteak ezartzen dituzte, herritarren kontura poltsikoa betez eta dirurik ez daukatenei hiltzera kondenatuz».
Era berean, gazte antolakundeko kideek enpresa farmazeutikoen botiken patenteen desjabetzea exijitzen dute, eta komertzializaio horretan parte hartu nahi ez dutenek ere kriminalizazioa jasaten dutela salatu dute. «Ibon Iparragirre horren adierazle nagusia da. Gure gorputzarekin nahi modura jarduteko eskubidea dugu eta administrazio publikoek ezin dute hori zigortu, ez eta Ibonen kontrako euren jarrera kriminala justifikatzeko erabili».
Beste alternatibak
Gaixotasunaren inguruko informazioa sakontzen gainera, etzi, Manuel Garrido Sotelo medikuak Hiesaren inguruko hitzaldia eskainiko du Kofradia Zaharrean. Garrido Sotelo seropositiboa da 1987az geroztik, eta erretrobiralik gabe ere gaixotasuna ez garatzea posible dela azalduko du.
Iparra Galdu Baik plataformako kideek, nabarmendu dutenez, Iparragirrek Garridok erabiltzen duen metodologia alternatiboa erabiltzen du 2008az geroztik. «Erretrobiralek Iboni mesede egin beharrean kalte egiten zioten, eta Garridok erabiltzen zuen metodologia erabiltzea erabaki zuen. Hainbat tokitan medikaziorik ez duela hartu nahi azpimarratu ohi da, baina hori, oro har, ez da egia. Erretrobiralen ordez, beste medikazio alternatibo batzuk hartzen baititu».