Gidabaimena euskaraz ateratzea laguntzen dute
Gidabaimena euskaraz prestatu eta azterketa euskaraz egin duten bermeotarrek, Bermeoko Udalak horretarako ematen dituen diru laguntzak eskatu ditzakete. Eskaerak egiteko azken eguna urriaren 31 izango da.Aurrekoetan egin moduan, eskariak Berh@z bulegoa...
Aurrekoetan egin moduan, eskariak Berh@z bulegoan aurkeztu beharko dira. Eskatzaileek, hain zuzen ere, eskaera orria, nortasun agiriaren fotokopia eta kontu korrontearen zenbakia aurkeztu beharko dituzte. Horrez gain, prestakuntza euskaraz jaso izanaren eta gainditutako azterketa teorikoa euskaraz egin duela ziurtatzen duen agiria ere eraman beharko dute Berh@z bulegora.
Baldintza guztiak betetzen dituzten eskatzaileek, aurten, 150 euroko laguntza jasoko dutela jakinarazi dute.
Bete beharreko baldintzak
Diru laguntzak jasotzeko, baina, zenbait baldintza bete beharko dituzte eskatzaileek: Bermeon erroldatuta egotea, gidabaimenaren prestakuntza euskaraz egitea, B mailako gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz eginda izatea eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen eta udalarekin zorrik ez izatea.
Bermeoko Udaleko Euskara Saileko arduradunek Bermeoko autoeskoletan gidabaimena euskaraz prestatu daitekeela gogorarazi gura izan dute, «teorikako liburua eta testak egiteko informatikako programa euskaraz badagoelako».
Diru laguntza horiekin Bermeoko Udalak, bereziki, gazteak animatu gura ditu gidabaimena prestatzeko orduan euskara erabili dezaten: «batez ere, gazteek izaten dute horretarako interesa eta gazte gehienak euskaraz alfabetatuta daude».
Euskara ikasteko
Bestalde, 2014-2015 ikasturtean edota 2015eko udan euskara ikasteko ikastaroak egin dituzten herritarrek ere Bermeoko Udalaren diru laguntza jaso dezakete. Eskaria Berh@z bulegoan egin behar da urriaren 31 baino lehen.
Laguntza horien helburua, udaletik adierazi dutenez, «euskara ikasi gura duten horiei erraztasunak ematea da». Eskatzaileek Bermeon erroldatuta egoteaz gain, ikastaroa amaitzen denerako emandako orduen %80 edo hortik gorako asistentzia eduki dutela ziurtatu beharko dute.
Kasu honetan, ikasle bakoitzak, gehienez, 300 euroko diru laguntza jaso ahalko du ikastaro bakoitzeko. Urtean zehar egin daitezkeen ikastaro guztiengatik ikasle bakoitzak, gehienez, 500 euroko laguntza jaso ahalko du.