Ekintzaileei laguntzeko 71.200 euro bideratuko ditu Debegesak
Eskaerak egiteko epea azaroaren 9an amaituko da. Lanbideren laguntzak Debegesaren bitartez banatu eta bideratuko dira Debabarrenako eskualdeanLanbidek ekintzaileei laguntzeko deialdia jarri du abian. Debabarrenean diru laguntza horiek bideratu eta bana...
Eskaerak egiteko epea azaroaren 9an amaituko da. Lanbideren laguntzak Debegesaren bitartez banatu eta bideratuko dira Debabarrenako eskualdean
Lanbidek ekintzaileei laguntzeko deialdia jarri du abian. Debabarrenean diru laguntza horiek bideratu eta banatzeaz Debegesa Garapen Agentzia arduratuko da, eta guztira, 71.200 euro bideratuko dira eskualdean.Debegesako arduradunek adierazi dutenez, gainera, «aholkularitza eta beharrezkoa duten laguntza» eskainiko zaie ekintzaileei. «Prestakuntza eta trebakuntza programa zehatz bat prestatu dugu onuradun izango diren ekintzaileei zuzenduta».
Bi lerrotan banatuta
Laguntzei dagokionez, horiek bi lerrotan banatuko dira. Batetik, negozio ideia bat izanik ideia hori aztertu eta garatu nahi dutenak, eta, bestetik, enpresa edo negozio berri bat ezartzeko bideragarritasun plana eginda duten ekintzaileei eta proiektu hori abian jartzeko behar diren jarduerak egin nahi dituztenak.
Diru laguntzen kopuruak, aldiz, modu honetara banatuko dira; enpresa ideia bat garatzeko, gehienez, 1.000 euroko laguntza banatuko da sustatzaile bakoitzeko, eta enpresa proiektu berriak martxan jartzeko, berriz, gehienez ere 1.500 euroko laguntza emango zaio sustatzaile bakoitzari.
Eskaerak egin nahi dituztenek azaroaren 9ra arteko epea izango dute, eta proiektuen aukeraketa eskaerak iristen diren ordenaren arabera egingo direla jakitera eman dute. Laguntzen inguruko informazio gehiago jaso edota eskaerak aurkezteko eskaera orria Debegesaren webgunean (www.debegesa.eus) aurkituko dituzte interesatuek.