Errebantxa hartu dute
Goikoetxeak eta Erkiagak Beaskoetxea eta Aldazabali irabazi diete Jai Alai frontoian. Beste partidan Lekerikabeaskoa eta Olha nagusitu dira Barandika eta Inzaren aurkaDiego Beaskoetxea eta Ibon Aldazabal binakako zesta puntako txapeldunei errebantxa ha...
Goikoetxeak eta Erkiagak Beaskoetxea eta Aldazabali irabazi diete Jai Alai frontoian. Beste partidan Lekerikabeaskoa eta Olha nagusitu dira Barandika eta Inzaren aurka
Diego Beaskoetxea eta Ibon Aldazabal binakako zesta puntako txapeldunei errebantxa hartu zieten zapatuan Iñaki Osa Goikoetxea eta Ibai Erkiaga azpitxapeldunek. Horiek bi set-ak irabazi zituzten. 10-15 amaitu zuten lehen set-a, eta 11-15 bigarrena.Zapatu arratsaldean Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekua jendez bete zen punta-puntako puntisten jokoaz gozatzeko asmoz. Eta protagonistek ez zuten hutsik egin. Harmailetan giro ezin hobea egon zen, eta ikuskizun aparta eskaini zuten zestalariek.
Goikoetxea zumaiarra izan zen norgehiagokako onena; erakustaldia emanez, partida bikaina jokatu zuen. Erkiaga ere ederto aritu zen atzean, hutsegite gutxi eginez. Aurkariek ere eutsi zieten, eta beren estrategia eginez jokatu zuten: pelota hila, atzean nagusituz eta Beaskoetxeari tantoak amaitzen utziz.
Bigarren set-ean Beaskoetxea eta Aldazabal hobeto aritu ziren, akats gutxiago eginez eta Beaskoetxeak erakustaldia emanez. 10-7 jarri ziren aurretik markagailuan, baina, ezin izan zuten nagusitasun hori mantendu.
Barandika eta Lekerika
Bestalde, aurretik, Xabi Barandikaren eta Unai Lekerikabeaskoaren debutaz gozatu zuten zesta zaleek. Maila onean daudela, eta profesionaletara salto egiteko arrazoiak badituztela erakutsi zuten. Christophe Olhagaz jokatu zuen Lekerikak eta Xabi Inzagaz Barandikak. Bikote bakoitzak set bana irabazi zuen, eta berdinketa hausteko set-ean nagusituta Lekerikarentzat eta Olharentzat izan zen garaipena.
Lehen set-a Barandikak eta Inzak irabazi zuten. Berdinduta joan zen lehia, eta horiek galtzen hasi arren, markagailuari buelta eman eta lehen set-a 15-14 irabazi zuten.
Bigarrenean, 1-10 emaitzagaz markagailuan aurretik ziren urdinak, eta Barandikari eta Inzari ez zitzaizkien jokaldiak ondo atera. Hala, 6-15 amaitu zuten bigarren set-a.
Partida erabakitzeko jokaturiko azken txanpan, 1-4 jarri ziren aurretik Lekerika eta Olha. Hala ere, 4-4 berdintzea lortu zuten Barandikak eta Inzak, baina, garaipena balio zuen partidako azken tantoa Lekerikak eta Olhak lortu zuten.