Bermeoko alkatearen arabera, herritarrekin hainbat batzar egin dituzte eta espedienteen kopiak ere egin dira. Arartekoari hori guztia argitu beharko diotela dio, «txostenak ez baitu aipatze
Artza kaian kokatuta dago Bermeoko ontziola
Bermeoko Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) jakinarazi duenez, Txibitxiaga eta Kurtzio inguruko herritar talde batek Bermeoko Udalari egindako eskariari erantzunik ez ematea leporatzen dio Arartekoak udal gobernuari. Arartekoak irailean argitaratutako txostena dela diote jeltzaleek, eta joan den asteko udalbatzarrean azalpenak eskatu zituzten.
Txibitxiaga eta Kurtzio inguruetako herritar ugarik Bermeoko ontzioletan martxan jarri duten jarduera berriaren gaineko kezka agertu dute. «Oso arduratuta» daude, eta beharrezkoak diren neurriak hartu ahal izateko, ontziolan abiarazi gura duen jarduera berri horri buruzko informazioa eskuratu guran, azkenaldian hainbat eskari bideratu dituzte udalera.
Gobernu taldearen eskutik jaso dituzten erantzunak, baina, «ez direla itxaroten zituztenak izan», azaldu dute EAJkoek: «Esaterako, ekainaren 15ean herritar talde horrek egindako eskariaren erantzunik ez dute izan». Horren ondorioz, Arartekoarengana jo zuten, «informazio eskubidea ukatu izana salatuz». Arartekoa orduan, informazio hori lortzeko kudeaketak egiten hasten da, «eta irailaren 14ko txostenean agertzen duenez, ez zuen emaitzarik lortu. Argi eta garbi erakusten du txostenean Bermeoko Udalak oinarrizko eskubide bat urratu duela», diote jeltzaleek. EH Bilduk agertzen duen «gardentasuna, errespetua eta herritarrenganako gardentasuna» ebidentzian utzi dutela uste du, hortaz, EAJk.
«Penagarria» da jeltzaleen arabera, «Arartekoak urte amaieran Eusko Legebiltzarrean aurkeztuko duen txostenean Bermeoko Udala agertzea informazio eta dokumentazioa lortzeko eskubidea urratzen duen udal modura».
Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek udalbatzarrean onartu zuen, herritar talde horrek egindako eskaerari emandako erantzuna «laburra izan zela, eta ez oso zehatza». Herritarrek egindako galderari erantzuteko modua, «agian ulergaitza» zela esan zuen. Hala ere, Bidegurenek azaldu modura, «herritarrek eskatu dituzten espedienteen inguruan berba egiteko batzar desberdinak eduki ditugu eta espedieenteen hainbat kopia ere atera dira. Arartekoak bere txostenean esaten duenez, informazioa emateko modua ez da bakarrik idatzi bat aurkeztea, eta beste modu batzuk ere badaudela aipatzen du; batzarrak, esaterako, eta horiek egin ditugu eta Arartekoak ez du horren gaineko informazioa. Beraz, Arartekoak horren berri izan dezan, erantzun egingo diogu».
Herritik kanpora
Bermeoko ontziolen inguruan bizi diren herritarren kezka handia da. Izan ere, horien arabera, ontzioletan jarduera berri batekin hasi gura dute, zeinetan beira zuntza erabiliko luketen, osasunerako «oso kaltegarria» izanik. Hala, azken boldan hainbat protesta egin dituzte, bai eta jarduera berri horren aurkako sinadura bilketa hasi ere.
Kontserba enpresekin egin modura, jarduera hori ere herrigunetik aldentzeko eskaera egin zuten joan den hileko udalbatzarrean, EAJk, Guzanek eta Izartu Bermeok. Osoko bilkura haretan, gainera, Portu Zuzendaritzari porturako duten plan berezia berrikusteko eskaria egitea ere adostu zuten udalbatzarra osatzen duten alderdi guztiek.
Beste eskari batzuk
Bestalde, EAJ dokumentazio jakin batzuk ezin lortu dabilela kritikatu dute, hain zuzen ere, uztailaren 28an egindako hiru eskari direla aipatu dute jeltzaleek: «Badakigu teknikariak aspaldidanik prest duela informazioa. Zergatik uztailetik prest dauden hiru txostenak emateko horrenbeste traba?».
Bermeoko Udalean gauza asko «zain» daudela gogorarazi du alkateak, udalak egoera «nahiko larria» bizi baitu: «Eguneroko lanak aurrera ateratzeko ahaleginak egiten ditugu, baina momentu honetan udala liberatu barik egoteak gauza asko blokeatzen ditu, eta gauzak atzeratzea dakar. Hau da udalaren errealitatea».