Zapatuan izango diren Javier Corcobado eta Aintzane Aranguena
Urriaren 9tik 14ra bitartean ospatuko da Bermeon, lehenengoz antolatu duten Mareak jaialdia. Guztira, sei ekitaldi antolatu dituzte; musika emanaldiak, ipuin kontalariak eta proiekzioak izango dira, besteak beste. Antolatzaileek azaldutakoaren arabera, «Mareak iaialdiak tradizioa eta abangoardia uztartu gura ditu poesian, musikan, ipuinetan, antzerkian, hitzaldietan…».
Beleza Malandra Ateneo Kulturalak, Bermeoko Udalak eta Bermeoko Arrantzaleen Museoak antolatutako jaialdia da Mareak, eta herriko gune desberdinak aukeratu dituzte jaialdirako. Hala, Nestor Basterretxea aretoa, Arrantzaleen Museoa, Aita Guria baleontzia eta Beleza Malandra Ateneo Kulturala aukeratu dituzte jaialdiko ikuskizunetarako.
Jaialdia proiektu berri baten ilusioagaz jaio dela diote, «gero eta kalitate gehiagorekin eta modu oparoagoan jarraitzeko asmoagaz, gainera». Euskal Herriko kultur aisialdiaren esparruan hitzordu «garrantzitsu batean» bihur daitekeela azaldu dute antolatzaileek.
Udazkenak dakarren ziklo aldaketa aprobetxatu gura izan dute Mareak jaialdia egiteko: «Udako kontzertu erraldoiak eta korporatiboak atzean utzi gura izan ditugu, beste mota bateko jaialdia proposatzeko». Izan ere, jaialdiaren sei egunetan, «pasioa eta ardura» jarriko dituztela diote «publikoak zerbait eder eta bereziaz goza dezan; une paregabe eta magikoez goza dezan, alegia».
Ekitaldi guztietara joateko asmoa duten horientzako bonoak salgai jarri dituzte 10 eurotan; Luma liburudendan, Beleza Malandra Ateneo Kulturalean edo Bermeoko Turismo Bulegoan aurki daitezke.
Bestalde, ikuskizun bakoitzeko prezioa 3 eurokoa izango da eta ekitaldiak egingo diren leku berean eta une berean salduko dituztela jakinarazi dute.
EGITARAUA
Urriak 9, barikua.
– 19:30. Aita Guria baleontzian, Mmatarrak: ahotsa, soinua, hitza eta egile euskaldunen testuak.
Urriak 10, zapatua.
– 20:30. Nestor Basterretxea aretoan, Javier Corcobado & Aintzane Aranguena: Amodiozko abesti batentzako poemak.
Urriak 11, domeka.
– 12:30. Arrantzaleen Museoan, Charo Pita & Clara Pino: Ilunabar atlantikoa, lur berdeetako kantak eta ipuinak.
Urriak 12, astelehena.
– 19:30. Beleza Malandra Ateneoan, The Preacher: David Eugene Edwards musikariari buruzko dokumentala eta foruma.
Urriak 13, martitzena.
– 20:30. Beleza Malandra Ateneoan, Cult of Youth taldearen kontzertua. Post punk, psych eta neo folka nahasten dituen talde amerikarra da.
Urriak 14, eguaztena.
– 20:30. Nestor Basterretxea aretoan, Harlan T. Bobok alaitasun eta desamodiozko country eta soul doinuak eskainiko ditu.