Urdaibaik eskaintzen duen paisaiaz gozatzeko begiraleku paregabea dute Busturiko Paresi auzoan. Aisialdi gunerako eta atseden lekurako kokapen ezin hobea du, gainera, baselizaren eta basetxearen inguruetan. Busturiko Udalak birgaitze lanak egin ditu inguru horretan, eta jakinarazi dutenez, arreta berezia jarri diote lekuaren nolakotasunak eta baliabideak errespetatzeari eta inguruarekiko armonia bilatzeari. Hala, Mikel Lertxundi eskultore berritxuarrak egindako proiektuari esker, natura, artea eta gizakia elkartzeko gunean bihurtu dute.
Busturiko alkate Aitor Aretxagak azaldutakoaren arabera, «aurreko agintaldian abiarazitako proiektua da. Bi proiekturen artean, Lertxundirena aukeratu zuten, desberdina baitzen. Beste proiektuak ohiko parke bat egitea aurreikusten zuen».
Lertxundik naturako elementuak erabili gura izan ditu Paresin egin dituzten birgaitze lanetarako; uragaz, suagaz eta egurragaz joko bat egin gura izan duela azaldu du Aretxagak.
Paresiko zelaiaren hiru angelutan kokatu ditu Lertxundik bere hiru lan. Hego-mendebaldean hiru harriz egindako pieza kokatu du; «harriak eta urak naturan daukaten harremana erakusten duen pieza artistikoa da».
Hego-ekialdean, berriz, elondo egurrez eraikitika pieza eskultorikoa jarri dute; «naturan egurrak eta aireak daukaten harremana» erakusten du horrek.
Hirugarren eskulturak, berriz, «burdinak eta suak daukaten harremana eta gizakiak horiekiko duen beharra erakusten du». Altzairuz egindako pieza da.
Pieza pedagikoak izateaz gain, funtzionalak ere badirela azaldu du Busturiko alkateak. Piezetako bat iturria da, besteak erretegi funtzioa bete dezake, eta hirugarrenak naturako elementuekin eta formekin interaktuatzera eta jolastera gonbidatzen du, «sormenera eta naturara gerturatuz».
Arazoak probalekuagaz
Horiek jarri aurretik, baina, hainbat lan egin behar izan dituzte. Plaza ingurutik hasi eta basoko sarreraraino inguru guztia garbitu behar izan dute, «oihan bihurtuta baitzegoen». Bestalde, goiko zelaian pilatzen zen urari konponbidea emateko, hondeatzaileak erabilta, hodi zaharrak bilatu eta berriak jarri dituzte, basoan zein plazan.
Horrez gain, berdeguneak ere egokitu dituzte, eta kotak egokitu dira ahalik eta berdegune lauenak lortzeko basetxearen inguruan. Azaldu dutenez, lur mugitze eta betetze lan handiak egin behar izan dituzte.
Eraikinen erdiguneko plaza ere egokitu dute, eta espazio guztia erabilgarri utzi dute jaietan zein beste edozein erakustalditan erabili ahal izateko.
Bestalde, auzoan zegoen probalekua ere berritu egin dute. Betoizkoa egin dute, hala ere, harrizkoa egin beharko dutela esan du Aretxagak : «Betoia oso gogorra da, eta Paresiko jaietako probetan idiek zein astoek laprast egiten zuten eta jausi egiten ziren. Idi probak bertan behera geratu ziren. Ez genekien hori gertatu ahal zenik. Probetaz arduratzen den Harri Berri elkartekoekin berba egin barik berritu zen, ez ginen konturatu».
Harri Berri elkartekoekin, arkitektuarekin eta eskultorearekin batzartu ondoren, onena asfaltozko zorua gainetik botatzea dela ondorioztatu dute, eta ondoren probalekua margotu. «Ez da garestia, eta egin ahal dugu. Beraz, datorren urtera begira egiteko asmoa daukagu, udaberrirako», azaldu du Aretxagak.
Gainera, probalekuaren eta basetxearen artean, aparkalekua egokitu da, lehengo asfaltoa konponduta eta margotuta. Antolaketa berriagaz, auzora iristen den bidea probalekuaren gainetik bideratu dute basorantz.
Herritarren zein bisitarien erabilerarako, bestalde, egurrez egindako 5 metro luzerako mahaia eta eserlekuak jarri dituzte basetxea inguratzen duen zelaiaren bi aldeetan. Probalekuaren ondoan ere, egurrez egindako eserleku luze bi daude orain, era rustiko batean egindako eserlekuak dira. Horietan jesarrita, probalekuaz zein Urdaibaiko paisaiaz goza daiteke.