'Saltillo' belaontzi ezagunak Mutrikun egin du geldialdia, beste urte batez
Mutrikurako bidaia nahikoa itsas zakarrarekin egin badute ere, arazo gabe porturatu dira. Bisita gidatuetan herritarrek jakin-min handia agertu duteUdaro egin modura, Kantauri itsasoan nabigatzen ibili da Saltillo belaontzi ezaguna. Azken asteotan hain...
Mutrikurako bidaia nahikoa itsas zakarrarekin egin badute ere, arazo gabe porturatu dira. Bisita gidatuetan herritarrek jakin-min handia agertu dute
Udaro egin modura, Kantauri itsasoan nabigatzen ibili da Saltillo belaontzi ezaguna. Azken asteotan hainbat portu bisitatzeko aukera izan dute Mikel Lejarza kapitainak eta berarekin batera bidaia egiten ari diren Portugaleteko Nautika eta Maki- netako Goi Eskola Teknikoko hamalau ikasleek, eta atzo, esaterako, Mutriku bisitatu zuten guztiek.1932an eraikitako belaontzi ezaguna herenegun iluntzean porturatu zen Mutrikun. Aurreko egunetan Hondarribian geldialdia eginda etorri ziren, eta eskifaiako kideek adierazi zutenez, zeharkadian nahikoa itsaso zakarra eta haize bolada handiak izan zituzten. Momentu batzuetan, esaterako, 30 korapilo pasatxoko haize ufadak ere gainditu behar izan zituen ontziak. Hala ere, inongo arazorik gabe sartu ziren Mutrikuko portuan.
Ikusmin handia
Portuan lotuta egon zen bitartean, gainera, bisitatzeko aukera izan zuten herritarrek atzo goizez zein arratsaldez.
Portuan ibili ziren asko harrituta geratu ziren 26,25 metroko luzera eta 5,25 metroko zabalera dituen itsasontziarekin, eta asko izan ziren dudan jarri gabe, ontzian sartu eta belaontzi historikoa bertatik bertara ezagutu nahi izan zutenak.
Bertaratu zirenek ontziaren goiko aldea ikusteko aukera besterik ez zuten izan, eta jakin-min handiarekin ibili ziren belaontziak erakusten zien guztia ikusten eta miresten.
Bisitariek galdera ugari egin zituzten, eta eskifaiako kideek gogotsu erantzun zieten galderei. Batez ere, haurrek gozatu zuten bisitarekin. Askok lema eskuetan hartu, eta segundo bakar batzuetan bada ere, kapitain zirela amestu zuten.
Gaur, Bermeon
Eguneroko zereginek eta bisita gidatuek utzitako tarteetan, aldiz, ontziko kideek herria ezagutzeko ere aprobetxatu zuten. Izan ere, ez ziren herrian luzerako egon. Hain zuzen, Saltillo-k gaur gipuzkoar kostaldea atzean utzita Bermeoranzko norabidea hartuko du.
Hainbat toki bisitatu eta gero, aste amaieran Santurtziko portuan amaituko dute azken asteotan egindako itsas ibilaldi luzea. Geldialdi txiki bat egin ondoren, irailaren erdialdean Frantzia aldera egingo dute udako azken bidaia.